GARA > Idatzia > Kultura

Euskaltzaindiak Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohia omenduko du Bilbon

p054_f02_46x64.jpg

GARA | BILBO

Euskaltzaindiak bilkura irekia egingo du datorren urtarrilaren 24an, osteguna, bere egoitzan, Bilboko Plaza Barrian, 17.30ean hasita, eta Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiari omenaldia egingo dio bertan. Ekitaldi horren barruan, gainera, Euskararen Erakunde Publikoarekin hitzarmena sinatuko du Euskaltzaindiak, Akademiak prentsa ohar bidez atzo iragarri zuenez.

Jean Haritschelhar Duhalde Baigorrin jaio zen, 1923ko maiatzaren 13an. Letretan doktoratu zen, Ecole Normale Superiore de Saint-Cloud eta Sorbonne-Parisen, ondoko tesiok aurkeztu zituelarik: «Le poéte souletin Pierre Topet Etxahun» eta «L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etxahun». Madrilen eta Sevillan ere ikasi zuen, eta «Gustavo Adolfo Becker costumbrista» izeneko tesina egin zuen.

Arlo profesionalean, irakasle izana da, 1952tik 1959ra Agen-eko lizeoan, eta 1962tik 1986ra Bordeleko Unibertsitatean, bertan gaztelania eta euskara klaseak ematen zituela. 1969an, Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedradun izendatu zuten.

1962tik 1988ra, Baionako Euskal Museoko buru izan zen. 1962ko uztailaren 27an Euskaltzaindiak euskaltzain oso hautatu zuen, eta 1963ko uztailaren 28an, Baigorrin, irakurri zuen sarrera hitzaldia eta Rene Lafonek erantzun zion.

Villasanteren ordez

1966tik 1988ra bitartean, euskaltzainburuorde izan zen. 1989an euskaltzainburu izendatu zuten, Luis Villasanteren ondorengotzat eta 2004ko abendura arte jardun zuen kargu horretan. Euskaltzain emeritua da 2006ko uztailaren 20tik.

Euskaltzaindiaren barnean, Literatura Ikerketa batzordeburua da 2005etik. Beste aldetik, 1971tik 1980ra bitartean Baigorri bere jaioterriko alkate izan zen. Horiez gain, 1988an, Euskal Herriko Unibertsitateak Doctor Honoris Causa izendatu zuen, eta Udako Euskal Unibertsitatean lau urtez izan zen irakasle.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo