GARA > Idatzia > Editoriala

Emakume guztiak eskubide guztien jabe

Emakumeen aurkako indarkeria kasuak ez dira bakanak zoritxarrez, eta maiz, maizegi, biktimaren heriotza dute amaiera. Atzo Iruñean Tatiele de Sousa Neres 20 urteko emakume gazteak izan zuen amaiera, hain zuzen, ustez bikotekideak lepoa moztuta. Atzo ere gizon bat atxilotu zuten Gasteizen, ustez bikotekidea eta haren ahizpa jotzeagatik. Aste osoan beste hainbat eraso eta atxiloketa izan dira, ia eguneroko berri izan ohi dira halako gertaerak, jendarteak gero eta arbuio handiagoz begiratzen dituen arren, haiek saihesteko legedia dagoen arren.

Atzoko hilketa emakumearen giro edo inguruarekin lotuta dagoela iradokitzea, polizia iturriek egin bezala, ez da inondik inora onartzekoa. Horrelako erasoak mota guztietako giroetan gertatuko ez balira bezala. Gobernu espainiarreko ordezkariak zalantzarako motiboak agertu ditu, ustezko hiltzaileak eta biktimak ez omen zutela-eta helbide bera, edo haren lankide omen zela. Atzoko hilketa emakumeen aurkako indarkeria da bete-betean, eta ez beste testuinguru batean gertatutako hilketa, De Sousaren lana, harremanak eta zirkunstantziak edozein izanda ere. Eta, beste aldetik, beti ere haren jardun eta zirkunstantzia ororen gainetik, emakume hori eskubide guztien jabe zen, emakume eta pertsona zen heinean.

Tatiana de Sousa bezala hildako emakumeak etorkin gazteak direnean, kontuan izan behar da emakumeen aurkako indarkeria saihesteko legediarik -ezta indarkeria horren kontzientzia argirik ere- ez dagoen inguruetatik etorri direla haietako asko eta euren babesik eza handiagoa dela, emakume gisa ez ezik etorkin gisa ere jasaten baitute babes falta hori. Emakume etorkin horiekin lan berezia egiteko beharra erakusten du horrek, lehenik beren eskubideen jakitun izan daitezen. Nolanahi ere, hausnarketak orokorragoa ere izan behar du, indarkeria mota hori Euskal Herria bezalako herrialde garatuetan maiztasun ikaragarriz gertatzeak agerian uzten baitu aipatutako legeek ez dituztela emakumeak benetan babesten, eta legeak ez dira eratzen zerbait egiten dela erakusteko, eragingarritasuna izateko baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo