superliga
Leonen garaipena eskuratuz gero, Itxakok Ligako lehen itzulia lidergoan bukatzeko aukera izan dezake gaur
A.S. | DONOSTIA
Superligaren lehen itzulia gaur amaituko da Akaba Bera Bera eta Itxako taldeentzat. Nafarrek aukera ezin hobea dute Ligako lehen postura heltzeko. Hain zuzen ere, Molly Leonen aurka irabazi eta Sagunto-Orsan Elda -hirugarrena liderraren aurka- partidaren emaitza valentziarren aldekoa izanez gero Lizarrakoak lider jarriko lirateke Alacantekoekin berdinduta.
Dena dela, aukerak aukera, Ambros Martinek zuzendutako jokalariek ez dute Leonen duten norgehiagoka baino haratago begiratu nahi. Izan ere, Kopan egoteko txartela eskuratzeko borroka dela-eta, Molly Leonek garaipena behar du ezinbestean. Apirilean Lizarran jokatuko den Kopan lehen itzulia zortzi lehenengoen artean bukatzen duten taldeak egongo dira, eta leondarrak bederatzigarren daude. Beraz, azken aukera dute Koparako sailkatzeko. Irabazi egin beharko lukete eta zortzigarren den Rocasaren emaitzari itxaron. Hauek Ribarroja txapeldunaren aurka jokatuko dute. Horrenbestez, Leongoek ondo dakite haien aurkariak aukera gutxi dituela punturen bat lortzeko. Hori dela eta, dena emango dute gaur.
Itxakok bi baja izango ditu, hots, Cristina Mihai eta Alexandra Medeiros jokalariak.
Akabak, etxean
Bestalde, Akaba Bera Berak etxean jokatuko du gaur (18.00etan, Bidebietan). Vicar Goya izango du aurkari, sailkapeneko bosgarren postura gerturatzeko behar duen garaipena eskuratzeko helburuarekin. Donostiarrak seigarren dira orain, bosgarren dagoen Mar Alicante taldetik puntu bakar batera.
Vicar Goya, ordea, hamargarren dago, baina jaitsiera postuetatik hiru puntura besterik ez. Almeriarren izarra Aiko Hayafune japoniarra da. Jaurtitzaile trebea da, kontuan eduki beharreko jokalaria.
Kanpo jaurtiketa oneko beste jokalari arriskutsu batzuk ere baditu: Popovic kroaziarra, Neukova bulgariarra edo Jelicic serbiarra, besteak beste.