GARA > Idatzia > Errugbia

Heineken Kopa

Uste baino lan gehiago eman du Viadanak

Lapurtarrei asko kosta zitzaien partidari neurria hartzea, eta gibeletik ere aritu ziren. Gero, hobeto jokatu zuten eta, aspaldiko partez, erasoan lortutako puntu gehigarria ere batu ahal izan zuten

BIARRITZ 25
VIADANA 16

 

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek garaipen batekin agurtu zuen aurten Europan egin duen ibilbidea. Hori bai, uste baino askoz ere lehenago geratu da kanpoan, lehiaketa hau irabaztea beraien helburuen artean baitzegoen, baina beste urte baterako utzi beharko dute.

Multzoko talderik ahulena zuten aurrez aurren eta, hala ere, italiarrek aurre hartu zioten euskaldunei. Lehen zatia estu samarra ere izan zen, nahiz eta jokoan euskaldunen maila hobea zela agerian geratu. Egia da baita ere, ostikoekin ahul ibili zirela zuri-gorriak. Bosch argentinarra arduratu zen atzo lan horretaz, baina ez zuen asmatu.

Gaizki hasi ziren etxekoak, 0-6 aitzineratu baitziren bi zigorren ostean, eta zaleak ere urduritzen hasita zeuden ordurako. Ezer gutxi zegoen jokoan, baina gehiago itxaroten zuten Agileran batu ziren ikusleek. Hala ere, atsedenera joan aurretik zerbait konpondu zuten, eta 10-9 aitzinetik zirela joan ziren aldageletara.

Bigarren zatian, lapurtarrak hobeto aritu ziren, eta hiru entsegu gehiago ere gauzatu zituzten. Norbait nabarmentzekotan, Ngwenya amerikara nabarmendu beharko da. Estatubatuarraren abiadurak min egin zien italiarrei, eta bi entsegu ere egin zituen. Berak jaso zituen txalorik gehienak.

Amaieran bost puntu batu zituzten etxekoek, baina ezer gutxi egiteko balioko dute. Orain, Europa ahaztu, eta Ligan jardun beharko dira buru-belarri.

Aviron

Avironek ere gaur emango dio amaiera aurtengo Europako ibilbideari. Lapurtarrek Italian jokatuko dute Padovaren zelaian, 15.00etatik aurrera, eta garaipena nahi dute, noski. Gertatzen dena gertatuta ere, zuri-urdinak multzoko hirugarrenak izango dira, baina aurrean talderik ahulena dute, eta halakoetan ohi dutenez, lau puntu, edo agian bost batu beharko lukete. Hori bai, euskaldunen taldean, normalean minuturik gutxien izaten dituzten jokalariek izango dute gaur aukera. Hau izango da Aviron Baionakoak zelairatuko duen hamabostekoa: Acebes, Gerber, Vermis, Gower, Lhande, Edmonds, Salle, Lafond, Roumieur, Lapresti, Linde, Lafitte, Bernard, Dean eta Haare. Fiorini, Kopolini, Tewhata, Marmouyet, Massabeau, Marfong eta Iñigo aulkian geratuko dira.

 

Getxok eta Ordiziak Faduran dute derbirako hitzordua

Ohorezko Mailan euskal derbia izango da bihar 12.00etatik aurrera Faduran, Getxon, eta bertan neurtuko dira Getxo Artea eta Ampo Ordizia. Bi taldeek behar dituzte puntuak, baina bietan behartuena Ordizia da. Une honetan jaitsierako postuetatik at dago, baina atzeko taldeak ere gainean ditu, eta haiei ihes egin nahi baldin badie, irabaztea komeni da.

Getxo, aldiz, ongi dabil, joan den astean irabazita, atzeko postuetatik ihes egin du, baina hor jarraitu ahal izateko, eta lasaitasunari eusteko, irabazi egin behar dute. Joaneko partida bizkaitarrek irabazi zuten. Spyro Bera Berak El Salvadorren aurka jokatu beharreko partida, aldiz, martxoaren 20ra atzeratu da, eta donostiarrek jai izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo