GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA> Gabriel arestiren omenez

Gu hilen gara, gure arima galduko da, baina poetaren haritzak iraunen du zutik

Gabriel Arestiren memoria iraunarazteko, bere lagunek haritza birlandatu zuten atzo Arte Ederretako museo ondoan.

p053_f01_097x152.jpg

Gabriel Arestiren memoria iraunarazteko, bere lagunek haritza birlandatu zuten atzo Arte Ederretako museo ondoan.

«1985ean, Gabriel Aresti hil eta hamar urtera, hain goiz desagertutako poeta bilbotarraren obra gogoratzeko asmotan» jardunaldi artistiko eta literarioak antolatu zituzten Mintza Barullo elkartekoek. Makina bat lagunek parte hartu zuen bertan, Arestiren lana berreskuratzeko baliatu zituzten jardunaldi artistiko eta literario horietan.
Omenaldiari bukaera emateko, Bilboko Arte Ederretako museoaren aurrean haritz bat landatu zuten Arestiren ohoretan, duela hiru urte, inguruko lanek behartuta, Bilboko Udalak bertatik kendu zuen arte. Behin obrak amaituta, Gabrielen lagunek haritza birlandatu nahi izan zuten atzo, eta ekitaldi xume bezain beroa prestatu zuten horretarako.
1975eko ekainaren 5ean, berrogeita bat urte baino ez zituela zendutako bilbotarrak, hil ostean argitaratutako “Azken Harria” lanean eman zituen hitz batzuekin hasi zuen omenaldia Leonor Bilbao, ekitaldiaren gidariak: “Ta maiz ez naiz sentitzen”. Zuhaitza birlandatu zuten gero, Gabrielen alaba Nerea Arestik, poetaren izena daraman Santutxuko eskolako ikasle bik eta  Bilboko alkateak,  Iñaki  Azkunak. Hiru urtetan deserroturik egondako haritz sendotzen hasiak sustraiak botako ditu horrela, eta antolatzaileek nahi izan duten legez, lehen izandako tokitik ahal bezain hurbil. Jarraian, alkateak plaka bat eskaini zion idazlearen alabari, haritz aurrean jarritako plakan irakur daitekeen olerki bera zeramana.
Artista, ikasle, politikari –eta bizkarzain–, kuxkuxero eta batez ere, Gabrielen adiskide zintzoz osatutako ehun lagun inguruko taldea gerturatu zen birlandaketara; konpromisoz bateren bat, asmo onez gehienak. Bertan ziren, besteak beste, Irale programako euskara ikasle talde bat, eta Gabriel Aresti institutuko ikasle eta irakasleak. Baita politikari mordoxka ere, alkatea buru. Artisten artean, bertan ziren Jon Enbeita bertsolaria, Natxo de Felipe eta Antxon Latxa musikariak, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreak, Edorta Jimenez idazlea, Roscuvas margolariak –anai bikiak–, eta guk  ezagutu ez genituen beste asko. Tamalez, azken orduko zeregin ekidiezinak zirela kausa, Bilbora gerturatzekoak ziren Ramon Saizarbitoria eta Jose Angel Lasak ezin izan zuten Gabrielen Arestiren omenaldian egon, ez olerkirik irakurri, aurreikusita zutenez.
 
Ekitaldiari Jon Enbeita bertsolariak eman zion segida, hamarreko handian dotore kantatuz: «Destinoaren zita holan da / orain garratz, orain ezti / heriotzea eskaini eutsun / zeinen opari garesti / zure aitaren etxea zaintzen / gaur guk darraigu amesti / haritz berri bat landatu dugu / gaur zure omenez Aresti / urterik urte kimurik kimu / bihurtu daien harizti».
Arestiren izena daraman ikastetxeko hiru ikaslek beraiek aukeratutako poema bat irakurri zuten jarraian, hain zuzen ere, “Harri eta Herri” maisulanean agertu zen “Egia bat esateagatik” olerki sonatua, «... inoiz, inola, inun, ez naiz isilduko» esan edo oihukatzen duena.
 
«Poesia mailu bat da» esaten zuen idazlearen olerkiei eta Jon Enbeitak abestutako bertsoari adi-adi –zerbait “ulertuko” balu, sikiera!–, Antonio Basagoiti udaleko PPko zinegotzia bertan ikustea, besteak beste, bitxia zen.
 
Bukaera aldera, duela hogeita hiru urte legez, Natxo de Felipe eta Antxon Latxa Oskorri taldeko kideen partaidetza izan genuen. “Mademoiselle Soulance eta Elena Gerediaga” olerkia irakurri zuen De Felipe kantariak, eta ondoren berak Gabrielekin batera prestatutako “Emazurtz” kantu ederra oparitu zigun, gitarran Latxa lagun zuela: «Hi haiz euskal herria, herri nekatua. Inork ezagutzen du hire bekatua? Baina inoren zorrik ez dun ordainduko, heure etorkizunak ditun apainduko».
Azken buruan, poetaren alabak, Nerea Arestik, hartu zuen hitza eta eskerrak eman zizkien bertaratutakoei Gabrielen memoria iraunarazteko ekitaldian parte hartzeagatik eta besarkada bero bat, atzo bertan egoterik izan ez zuen amaren izenean. Izan ere, Arestiren alarguna Gabriel beraren eta Manuel Maria poeta galiziarraren olerkiak –euskaraz eta galegoz– biltzen dituen liburua, “Gallegos en Bizkaia-Galiziarrak Bizkaian”, aurkeztera joana baitzen Santiagora.  Hasi bezala, Gabrielen “Euskaltzaindian” olerkiko hitzak gogora ekarriz bukatu zuen ekitaldi fina Leonor Bilbaok: «Hemen dago gizona, esan zuten. Nago, esan zuen berak».
 
Mintza Barullo elkartea izan zenak antolatutako ekitaldia bukatu zen eta gu joan egin ginen, zuhaitza sustraiak errotzen utzita. Aurrean oroitarria eta, bertan, Gabrielek igandetan Arte Ederretako museo inguruan egin ohi zuen paseoren baten handik hurbil idatzi eta «irrintzi gorri batekin...» hasten den olerkia.ﳽ
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo