Orain eta gehiago
Ines INTXAUSTI | Telebista kritikaria
Baserria» izeneko reality-a bukatu zen arren, berriro ari dira ETBko lagunak saioaren atzealdeak erakusten eta gu, jakina, haiek ikusten. Reality delakoa izateko nahiko ekoizpen duina atera zitzaien. Argi eta garbi. «Baserria» oso ondo girotua zegoen eta guztiz egokia bihurtu zen programaren funtsaren testuinguruan. Atrezzo-ak zein atmosferak denboraren makinak ekarritakoak ziruditen. Komuntzat, adibide gisa, zulo bat zuten eta egungo komuneko paper sofistikatuen ordez aza azalak. Hori bai: ez zen batere erakargarria gaurko telebistaren estilemak ezagutu eta gero. Nork nahi du, egun, joan den mendeko hasierara itzuli eta gure arbasoen bizimodu leialena errepikatu ikus-entzuleen aurrean? Ba ideia honi kate gutxik eutsiko ziotelakoan nago. Edo, eustekotan, bi besterik ezin ditut imajinatu gaurko panoraman: Estatuko bi herri aurrehistorikoenak, galiziarrak eta gu. Penintsulan Amerikatik hurbilen dauden galiziarrak izan ziren eta, hain zuzen, saio honen mekanikaren asmatzaile eta aitzindari.
Argi dago antzinako baserritar bizitza kontuan hartzen dutela. Are gehiago, begirunez programatzen dute (batez ere TVGAko profesionalek) batzuk eta besteok gurean bizirik iraun duen mundu natural honen ezaugarriak kontuan harturik eta inolaz ere baztertu gabe. Ez dakit zein ikus-entzule adierazle izango zuen «Baserria» saioak, ezta eguneroko share zenbakian agertuko zen ere, baina guztiz interesgarria iruditu zait gure aitita-amamen bizitza gogorra zein zoriontsuaren lekuko izatea ondo denotaturik. Koadro sozialik ez zen agertzen, nahiz eta antropologikoki guztiz egokitua azaltzen zen bi familien arteko bizirauteko harreman eredugarria. Arazo gehienak garai hartan gizakien artean sortzen ziren, gaur ez bezala. Zarata eta oztopo asko ditugu, telebista bera delarik, zalantzarik gabe, nabarmenena. Horregatik, «Baserria» izeneko programa batek ez dirudi mundu honetakoa. Ez da gure mundu katodikokoa. Extravaganzza izan da. Eta horrexegatik eskergarria. Inork ez luke imajinatuko halako ekoizpenik «Tú sí que vales», «Mira quién baila», «Supervivientes» edo «Supermodelo» izeneko programen aurkako norgehiagokan, ezta?