GARA > Idatzia > Irrati-telebista

«Oro har, irratietan entzun daitekeen musika mota oso murritza da»

Andoni Tolosa

info 7 irratiko esataria

Info 7 irratiko uhinen bidez, Andoni Tolosak asteartero 22.00etatik 23.00etara munduko musika ezberdinak ezagutzeko aukera eskaintzen digu «Hegoaldeko ostatua» saioan. Hernaniarra musika munduari erabat lotuta bizi da, irratiaz gainera musika kritikak idatzi eta Dj Talo moduan ere aritzen baita. Musikazalea den edonor gertura daiteke bere «ostatura», musika berria ezagutzeko aukera ezin hobea baita.

Itziar PEREZ | IRUÑEA

Eskarmentu handia duen esataria da «Hegoaldeko ostatua» Info 7 irratiko musika irratsaioa gidatzen duen Andoni Tolosa hernaniarra. Musika ofizio eta afizio du. Bere ibilaldia duela hainbat urte hasi zuen Egin Irratian eta geroztik musika munduan murgilduta dabil. Irratiaz gainera, hamabostean behin Gara-ren «Mugalari» kultura gehigarrian musika kritikak argitaratzen ditu. Eta hau guztia gutxi balitz, Hernaniko Apeadero tabernan ere DJ Talo izenpean aritzen da musika ipintzen.

Info 7 irratia jaio zenetik, astelehenero 22.00etatik 23.00etara bitartean munduko musika ezberdinak ardatz dituen saioa eskaintzen du.

Zer-nolako musika mota entzun daiteke zure saioan?

Munduko musika entzun daiteke, mugarik gabeko musika da. Estilo ezberdinak nahastea dut gustuko, hau da, musika herrikoia, rocka edota musika elektronikoak bat egitea dut gustuko.

Musika berria ezagutzeko aukera eskaintzen duzu. Betikotasunetik aldendu nahi al duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Astero ordubeteko irratsaio bat prestatzea prozesu luzea da, musika berritzailea bilatzen dut eta prozesu horretan asko ikasi dut.

Inoiz zure entzuleak nolakoak diren irudikatu al duzu?

Nire entzuleak nolakoak diren ez dakit. Nire ustez saioa edozeinek entzun dezake, musikazalea den edozein pertsonak, jakina. Azken finean, saioa jakin-nahia duen pertsona orok entzun dezakela uste dut.

Nola ikusten dituzu, oro har, Euskal Herriko irrati musika entzuleak?

Ez dakit esaten. Alde batetik, badirudi musika diferentea gero eta normalizatuagoa dagoela. Eta jende askori gustatu egiten zaio, jakin-nahia badago. Beste alde batetik, Internetek musika ezberdinak entzuteko aukera izugarri zabaldu du. Ondorioz, inguruko musika ikuspegia ezagutzeko parada dugu. Baina, aldi berean, musika ikuspegia oso monolitikoa bilakatu da.

Eta nolakoa da irratietan entzun dezakegun musika mota?

Irratietan, oro har, entzun daitekeen musika oso murritza dela iruditzen zait. Panorama pobre samarra dagoela esango nuke. Gutxi dira Info 7 bezala musika ez komertziala eta desberdina eskaintzen duten irratiak.

Berrikuntzarik egon al da aurten zure irratsaioan?

Ez, «Hegoaldeko ostatua»-k ez du aldaketa handirik jaso. Musika saio batek izan ohi duen eskema klasikoa jarraitzen dut, hau da, kantuaren aurkezpena egin, kantua entzun edota alderantziz. Musika ezberdina (edo ez hain ezaguna) jartzen dudanez, esatariaren tonoa entzulearengandik ahalik eta hurbilen egon dadin saiatzen naiz. Izan ere, zenbait esatarik predikulekutik hitz egiten diote entzuleari, sasijakintsuen moduan. Nik justu kontrakoa bilatzen dut; saioaren izenak azaltzen duen moduan, ostatuan entzun daitekeen musika da, hurbila.

 

Fitxa

Irratia: <www.info7.com>

Saioa: «Hegoaldeko ostatua», astelehenero 22.00etatik 23.00etara. Beste datuak: Musika kritikak idazten ditu «Mugalari»n eta Dj Talo moduan ere aritzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo