GARA > Idatzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Nork ordainduko du Bushen xiringada?

Datorren astelehenean, hilak 28, egin beharreko Batasunaren Egoerari buruzko hitzaldiaren abagune itxurosoari ere ezin izan diote itxaron. Hileta batean zegoela zirudien Cheney lehendakariordea eta Paulson, Ogasun idazkaria, alboetan zituela, jendaurrean agertu zen ostiralean Bush, itolarrian dabilen Estatu Batuetako ekonomiari «besoan xiringada» bat eman nahi omen dioten neurriak aldarrikatzera.

Nihil novi sub sole. Iragarritakoak 2001ean helburu bertsurako erabili zituen ia neurri berberak dira: 145.ooo milioi itzuliko omen zaizkie zergadunei, kontsumoari eutsi eta askoren diru itomenak zertxobait samurtzeko; eta enpresei ere tenore bertsuko laguntzak emango omen zaizkie, inbertsioak egin eta langabezia xurgatuko duten lanpostu berriak sor ditzaten... Funtsean, 70eko hamarkadako krisian, eta 92-93koan, erabili zirenak; eta Reaganomics deitu haien sendikoak. Dirua da, antza, Estatu Batuetako ekonomia kordegabetuak behar duen bihotz-bizkorgarria.

Bertako ekonomialarien artean neurri horien eraginkortasunari buruzko eztabaida pizten den bitartean (ez dago batere argi honelako pizgarriek aurrekoetan lortutako efektuak ere erakar ote ditzaketen oraingoan), nazioarteko begiraleen lehen iruzkinek Estatu Batuetako indar politiko nagusiek estutasunaren aurrean erakutsi duten batasuna azpimarratu dute: demokratek nahiz errepublikarrek amen esan dute, argibide gehiago izan arte behintzat. Bide batez, mundu guztiak espero du hilaren amaieran FEDetik beste bulkada bat emango zaiola xiringa honi, interes tipoak puntu erdia edo jaitsiz. Baikor agertu da Bernanke... baldin eta neurriok zor publikoa gehiagotzen ez badute.

Eta horretan datza korapiloa: munduko ekonomiarik handien eta zorpetuenarekin gertatzen dela hori guztia. Laino beltza gainean duzunean euria datorrela igartzeko meteorologoa izan beharrik ez dagoen bezala, ekonomian oso aditua izan beharrik ez dago neurri hauen lehen ondorioetako batzuk aurreikusteko: dolarrak beherantz egiten jarraituko du, euroa eta beste moneta sendoen (?) aldean, horrek merkataritzarako suposatzen duen guztiarekin; seguru asko, bide batez, petrolioak goraka jarraituko du; zer esanik ez, bost urteotan bere salneurria ia hirukoiztu duen urreak...

Moneta-jokoak medio, ez ote dugu faktura geuk ordainduko? Geureak gutxiegi bagenitu bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo