GARA > Idatzia > Gutunak

Jon Otegi, Jon Urrusolo eta Txaro Markinez LABeko ordezkariak EAEko Mahai Orokorrean

EAEko Mahai Orokorraren hiztegia

Ostegunean hiru herrialdeetako Mahai Orokorrean hartutako erabakia dela-eta, ustezko negoziazioetan aritu garen LABeko kideok Euskal Herriko langileei eta jendarteari azalpen zabalagoa eman nahi diegu, era labur batetan azaldutako gakoen inguruan hain zuzen ere:

Inposizioa: Eusko Jaurlaritza aho bete eta baliabide ugari erabiliz dabil erabakitzeko eskubidea gora eta behera, bai eta Madrilek duen prepotentzia salatuz. Are larriagoa da Madrilen soldaten igoeren dekretuaren prepotentzia hori argudio bezala erabiltzea arlo ekonomikoan eskuak loturik dituztela aitzakitzat jartzen dutenean, baina kontraesanean, Lakuaren jokoan sartuz gero, ahalegintxo bat egin dezaketela KPIraino igotzeko. Bestela, eurek euren aldetik onartuko dute dekretua, bilera guztietan gogorarazten diguten mamua. hain zuzen ere. Madrilgo kudeaketa aurrera daraman menperatu menperatzaile baten irudia etortzen zaigu gogora.

Paternalismoa: Irakaskuntzan bezala, Osakidetzan ere dekretua ezarri egin dute. Guztiontzako baldintza onak dekretatu dituztela diote. Parlamentariek eta agintariek ere beren soldatak eta lan baldintza guztiak ere dekretuz eta ateak itxita dekretatzen dituzte paternalismo berberarekin. Haiek badakite zer den ona bai eurentzat bai langileontzat, geuk ez.

Funtzionarioen soldatak: Komunikabideak ere tranpa dialektiko horretan erortzen dira. Izan ere, Lakuak eremu horretara mugatu nahi izaten du negoziazioa, bai eta azken urteetan lortu ere. Gutxiengo sindikalarekin ala besterik gabe euren kabuz «65.000 funtzionarioren lansarien igoera» dekretatu izan dute. Behin eta berriro soldatez gain bestelako lan baldintzak ere negoziatzeko aldarria egin izan dugu, webgunean zintzilik dugun sei orriko plataformak dioenaren haritik. Bi erantzun mota jaso izan ditugu: bata isiltasuna, eta bestea paternalismoa berriro, aipatzen dugun arazoa ez dagoela. Plantilak berritzeaz edo berrantolatzeaz zein lan osasunaz hitz egitea ez omen du merezi.

Euskal sektore publikoaren sustapena: Aurrekoaz bezala, honetaz ere ez dute ezer entzun nahi. Pribatizazioak, prekarietatea, euskalduntze planak... 2000. urtean adostutako plangintza paper hutsean gelditu zen, eta bilera guztietan protokolo bera eman da: guk lan egutegi bat eskatu, haiek erantzun ere ez. Zerbitzu publikoen ikuspegi erabat merkantilista eta klientelista du Eusko Jaurlaritzak.

Konponbidea: Ezin zaio «negoziazio» deitu erabakitzeko eskumena alde batek bakarrik duen eta bilerak protokolo formal huts gisa dituen horri. Beste sindikaturik joko horretan sartu izan bada eta sartzeko asmorik baldin badu, berak legitimatuko du jokabidea, LABek ez behintzat. Aukera paregabea du Lakuak Irakaskuntza eta Osakidetzako negoziazioak berriro errespetuz irekiz zilegitasuna irabazteko. Duten beste aukera inposizioekin jarraitzea da.

Kalean uso, etxean otso.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo