«Konponbide gogoei ezin zaie inon errepresioarekin erantzun»
Ogra Sinn Féin (OSF) Irlandako mugimendu errepublikanoaren gazte erakundearen kongresuan izan da joan den asteburuan euskal gazte independentisten ordezkaritza bat. Bertan, OSFren bilakaera gertutik ezagutzeaz gain, irlandar gazteen eskutik Euskal Herriarekiko elkartasun mezua jaso dute.
GARA |
Munduan barrena, Hego Afrikatik Danimarkara, Euskal Herriko gazte independentisten ordezkaritza daraman bidaiak, joan den asteburuan Dublinen izan du geltoki, Ogra Sinn Féin gazte mugimenduaren kongresuan.
Bertan, OSFeko arduradun nazionala den Barry McColgan elkarrizketatzeko beta izan dute.
Nazioartea garrantzitsua izan da kongresuan, onarturiko proposamenei begiratuta. Zer nabarmenduko zenuke?
Europar eraikuntza prozesuaren aurrean OSFren posizioa definitzea izan da lehenengo gaia. Garrantzitsua da herri honek ezezko borobil batekin erantzutea Lisboako proposamenari. Sinn Fein da, berez, Irlandak tratatu horri ezezko borobila emateko hautua hartu duen bakarra. Ez dugu sinisten egungo eredu eskuindar eta inperialistan. Gure alternatiba, herrien Europa, indartu nahi dugu eta ezezkoa urrats bat da bide horretan. Azken batean, 800 urtez inperio baten menpe egon ostean ez dugulako onartuko beste inperio batek irlandar herriaren burujabetza ezbaian jartzea.
Horretaz gain, kongresu honek balio izan du nazioartean abian dauden bi boikot kanpainekin bat egiteko: Coca cola eta Nestleren aurkako boikot kanpainekin, hain zuzen ere.
Kanpo delegazio hainbat, horien artean Euskal Herriko gazteak ere bertan izan dira...
Urte luzeetako harremanaren ondorioz, Segi erreferentzia garrantzitsua da Irlandan. Lehenengo Jarrai, eta ondoren Segi, erreferentziazkoa da gazte erakundeak duen antolaketa eredua. Gatazka sozial eta politikoan eragiteko duen gaitasunak eta errepresioaren gainetik lanerako duen grinak harritzen gaitu. Euskal gazteak hemen izateak, euskal gazteriak bizi duen egoera errepresiboari erantzun ahal izateko aukera ezin hobea da. Gazte independentistekin elkartuz, gure elkartasuna adierazi nahi diegu, Segiri agur bero bat bidali. Izan ere, espainiar eta frantziar estatuek Euskal Herrian egiten ari direnaren aurrean, hemendik ere erantzun beharra baitago.
Eta gasteok zer ekarpen egin dezakegu norabide horretan?
Gazte eragileok gazteak koka ditzakegu konponbiderako motor izateko. Kontzientzia zabalduz etorkizun inbertsio bat egiten ari gara azken batean. Baina haratago, gazteok ere eztabaida politikoaren testuinguruan eta gatazka egoerari dagokionez, borrokaren testigua hartzen lehenak behar dugu izan.
Jakinik hemen, Irlandan, gatazka konpontzeko prozesu politikoa bere onera eramateko gai izan zinetela, zeintzuk dira hemendik atera daitezkeen gako erabilgarriak Euskal Herriak bizi duen gatazka gainditzeko?
Gatazka guztiak ezberdinak dira. Hala ere, badago hemengotik ikasi eta Euskal Herrian erabilgarri den ideiarik. Batetik, bai etxean bai nazioartean konponbiderako bidea lortzen ari den babes herritarra garrantzitsua da. Hemen erabakigarria izan zen irlandar diasporaren zeregina, eta horregatik euskal gatazka konpontzeko oinarriak munduan zabaltzen laguntzeko bidea hartu dugu. Beste aldetik, ezker abertzaleak konponbiderako jarri duen gogoan islatuta ikusten dugu, erabat, guk Irlandan garai hartan egin genuen apustua. Ez da ulergarria, inondik inora, horren aurrean espaniar zein frantziar estatuen hautu errepresiboa. Bake eta konponbide gogoei ezin zaie atxiloketa, tortura, ilegalizazio eta halakoekin erantzun.
Ogra Sinn Féin gazte erakundeak egun duen militantzia bikoiztea du helburu Kongresuaren ostean. Hala, Irlandako 32 konterrietan bere presentzia hedatu egin nahi du.
Bide batez, ikasle zein langile sindikatuekin harremanak sakontzeko asmoa agertu du, errepublikar mugimenduak bere ardatz duen arlo sozialean lan egiteko.
Aldi berean, NARC (No another ravaged comunity, Komunitatean beste triskantzarik ez) kanpaina nagusiaren bitartez, egun irlandar gazteengan alkoholak eta drogak duten eraginari aurre egin nahi diote Ograko gazteek.
Hala ere, erakundeak ez du Irlandara bakarrik mugatu bere lana. Horrela, bada, eta Irak eta Palestina bezala inperialismoaren erasoa pairatzen dituzten herriei elkartasuna adierazteaz gain, Venezuelako eta Kubako mugimenduekin harremanak garatzeko konpromisoa hartu du bere gain Ogra Sinn Féin erakundeak.
Era berean, eta Euskal Herriko gazte independentisten ordezkaritzaren presentzia dela-eta, euskal gatazkari buruz bost erabaki onartu ditu Kongresuak: Segi erakundearen izaera politikoa aldarrikatzeaz gain, harremanak sendotzeko erabakia hartu dute; euskal preso politikoekiko elkartasuna adierazi, eta Estatu espainolaren eta frantsesaren errepresioa gaitzetsi dituzte, «Irlandan bezala, Euskal Herrian ere, gakoa hitza eta erabakia» direla azalduz.
«800 urtez inperio baten menpe egon ostean ez dugu onartuko beste inperio batek, EBaren izenean bada ere, irlandar herriaren burujabetza ezbaian jartzea»
«Urte luzeetako harremanaren ondorioz, Segi erreferentzia garrantzitsua da Irlandan, eta errepresioaren gainetik, lanerako duen grinak harritzen gaitu»