GARA > Idatzia > Herri-kirolak

AIZKORa Urrezko lehiaketa

Vicentek eta Lopezek eman dute lehenengo ezustekoa

Arria V.a eta Peñagarikano txapelketa hau irabazteko faboritoen artean zeuden, baina atzo ezin izan zuten finalerdietan izateko txartelik lortu

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Juanjo Lopezek eta Daniel Vicentek eman zuten estreineko ezustekoa: Peñagarikano eta Arria V.a, lehiaketa hau irabazteko bikote faboritoetako bat, kanporatu egin zituzten.

Jende asko batu zen atzo Oionen Urrezko Aizkorako lehen final laurdenetakoa zuzenean ikusteko asmoarekin. Denek, bikote gipuzkoarra jotzen zuten faboritotzat, baina ez zen horrela gertatu, eta Lopez eta Vicente izan ziren finalerdietan izateko txartela lortu zutenak.

Askotan esan izan da enbor zailak eramaten dituenak galdu egiten duela, eta atzo horixe gertatu zen. Proba honetan enborrak erdibana eraman behar izaten dituzte, eta atzo Arriak eta Peñagarikanok zailak eraman zituzten, eta egur horietan galdu zuten denbora, ez zieten aurrera egiten utzi. Hasteko 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan moztu neurtu ziren, eta ondoren, bi 45 ontzako zeinek denbora gutxiagoan moztu aritu ziren, eta oso egur gogorrak gertatu ziren, eta hor 49 segundo galdu zituzten gipuzkoarrek, eta amaieran erabakiorrak izan ziren segundo horiek.

Hortik aurrera, apurka-apurka denbora berreskuratzen joan ziren, baina nafarrek aldeari eutsi egiten zieten, eta txanda libreko proba luzean beste egurren bat izan balute, agian gipuzkoarrek irabaziko zuten, baina lehenengo zereginetan galdutakoa gehiegitxo izan zen, eta azkenean, finalerdietatik kanpo geratu ziren.

Lan guztiak burutzeko, 21 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten Lopezek eta Vicentek, eta 22 minutu eta segundo bat, berriz, gipuzkoarrek. Atzoko proban, gainera, lehiaketa honetan lan egiteko era berri bat probatu zuten lehenengoz. Proba bakoitzeko denborak kontuan hartu beharrean, dena jarraian egin zen. Hau da, bikote batek zuen tartea kontuan hartzen zen, eta lehenengo proban bakarrik hasi ziren bikoak batera lanean. Hortik aurrera, atzetik zihoazenak beti atzetik ekin behar izaten zuten, aurrekoei denbora jateko helburuarekin. Final laurdenetako probak horrela egingo dira, eta ongi joaten baldin badira, finalerdiak ere horrelaxe jokatuko dira.

Final laurdenetarako sailkatu diren bi aizkolariren baja gertatu da, baina zein izango diren beraien ordezkoak ez dago erabakita. Alde batetik, Mindegia ez da arituko, belaunean ebakuntza egin baitiote joan den astean, eta ez dago jokatzeko moduan. Rekondorekin aritu da orain arte, eta leitzarrak laguna bilatu beharko du. Arituko ez den bestea, Unai Otaño da. Gipuzkoako Txapelketako finalean positibo emateagatik zigorra jaso du, eta Egur Sportek atzo baieztatu zuen ez zuela jarraituko. Beraz, Lasak ere lagun berria topatu beharko du hemendik aurrera jarraitu ahal izateko. Oraingoz ez da horien ordezkoen izenik ezagutzera eman.

Gazteak

Helduetan ezustea izan baldin bazen ere, gazteen neurketan ez zen inongo ezusterik izan, eta Kañamares III.ak eta Rodriguez II.ak lortu zuten garaipena. Proba guztietan mendean hartu zituzten Jauregi eta Flores III.a. Lan guztiak burutzeko, 15 minutu eta 48 segundo behar izan zituzten, eta 17 minutu eta 21 segundo berriz, galtzaileek.

Emaitza horren ostean, nahiz eta jardunaldi bat falta den lehen fasea amaitzeko, Rodriguez-Kañamares eta Alkizalete-Mugertza bikoteek finalerdietan izateko txartela segurtatuta daukate. Orain multzoko lehen postua geratuko da erabaki beharrean.

Donato Larretxeak ezin izan du oraingoan ere apusturik egin

Donato Larretxea herenegun ilunabarrean agertu zen Tolosako Kantabriko tabernan. Pasa den larunbatean bota zuen desafioa. Bera edozeini 20 kana-erdikotara jokatzeko prest zegoen, baina Tolosara ez zen inor agertu.

Hori ikusita, aizkolari nafarrak bere aurka inork jokatu nahi baldin badu berarekin harremanetan jartzeko, eta hitz egingo zutela iragarri zuen Tolosan bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo