sokatira Euskal Herriko Txapelketa
Abadiñoko lehen taldeak txapela janzteko urrats garrantzitsua eman du Ezpeletan
J.L. | DONOSTIA
Abadiñok garbi utzi du 640 kiloko bigarren jardunaldian besteen gainetik dagoela. Beste behin ere, aparteko arazorik gabe irabazi ahal izan du bigarren jardunaldi hori ere. Ez zen jende askorik batu Ezpeletako plazan bigarren jardunaldia ikusteko asmoarekin.
Abadiñoko lehen taldeak saioko proba guztiak irabazi zituen, eta lehen postua segurtatu zuen. Pisu honetako txapelketa amaitzeko jardunaldi bakarra falta da, eta Abadiñok ia txapela segurtatuta dauka, bigarrenari hiru puntu kentzen baitizkio. Beraz, haientzat ia-ia ezinezkoa da txapela galtzea.
Bigarren postuan Ñapurrak taldeak amaitu zuen. Bizkaitarrekin galdu egin zuten, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, eta beren zaleen aurrean oso itxura ona eman zuten. Hirugarren, Abadiñoko bigarren taldea sailkatu zen. Lehen bi sailkatuekin galdu baldin bazuen ere, gainerakoei irabazi egin zieten.
Laugarren postuan berdinduta geratu ziren Amaiur eta Berriozar. Aurreko talde guztiekin galdu egin zuten, Uztaritzeri irabazi egin zioten, eta beraien artean berdinketa egin zuten. Azken Uztaritze geratu zen, probako saio guztiak galduta.
Bi jardunaldi jokatu direnean, honela geratzen da sailkapen nagusia: Abadiño A dago lehen postuan, 12 puntuz; bigarren Ñapurrak taldea kokatu da orain, 9 puntuz; hirugarren Amaiur dago 7,5 puntuz; laugarren Abadiño B, 7 puntuz; bosgarren geratu da, orain, Berriozar, 3,5 puntuz; eta Uztaritze azkena, 3 puntuz.