GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko Maila

Getxok gero eta atzerago utzi ditu jaitsierako postuak

Bizkaitarrak gipuzkoarrak baino gehiago izan ziren, eta merezita lortu zuten garaipena. Emaitza horren ostean, berriro ere argi gorriak piztu dira Ordizian, eta lanean gogoz jarraitu beharko dute.

GETXO ARTEA 23

AMPO ORDIZIA 6

Jon LEUNDA | GETXO

Getxo Arteak berriro ere irabazi egin dio Ampo Ordiziari Ohorezko Mailako derbia. Lehen itzulian puntu bakar bategatik irabazi zuten, baina honakoan alde handiagoa lortu, eta gipuzkoarrek ezin izan zuten puntu bakar bat ere batu ahal izan.

Atzoko norgehiagokak bi ondorio ere utzi ditu, izan ere emaitza horri esker, bizkaitarrak jaitsierako postuak gero eta atzerago utzi baitituzte, eta mailari eusteko txartela ia eskuetan dute. Ampo Ordizia, aldiz, berriro ere jaitsierako postuetan sartu da, nahiz eta puntu batera duen salbazioa. Axio Arañaren mutilek lanean jarraitu beharko dute.

Partida itsusia

Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko derbia ez zen izan ikusgarria, aurretik pentsa ziteken moduan. Lehen minutuetan ordiziarrak saiatu ziren beren erritmoa jartzen, baina Palumbok zigor-kolpea gauzatu zuen, eta 6-0 aitzineratu ziren. Beren jokoa lasaiago egiteko parada eman zien horrek.

Catchoplek ordizirrentzat beste zigor bat gauzatuz erantzun zien, baina horiek ongi eutsi zioten, eta atsedenera joan aurretik transformatutako entsegua gauzatu zuten, eta lasai joan ziren aldageletara.

Bigarren zatian gauzak tankera beretik joan ziren. Gipuzkoarrek beste zigor bati esker emaitza murriztea lortu zuen, baina ez zuten entseguak egiteko aukera askorik izan, eta ez zuten markagailua gehiago mugitu.

Etxeko taldeak ere erasoan ez zuen min handirik egin, baina partidako azkeneko jokaldian transformatutako beste entsegua lortu zuten eta, hala, partidako lau puntuak eskuratu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo