GARA > Idatzia > Kirolak

TENISA Australiako Irekia

Davyenko, Gasquet eta Nalbandian serie buruak, kalera

GARA | MELBOURNE

Final zortzirenetako saioek ezuste zenbait utzi zituzten Australiako Irekiko atzoko jardunaldian. Hala, aurreneko hamarretan zeuden hiru zerrenda buru, Nikolay Davydenko -laugarrena-, Richard Gasquet -zortzigarrena- eta David Nalbandian -hamargarrena-, kalean geratu dira.

Beste aldetik, Rafa Nadalek lan handirik gabe egin zuen aurrera. Izan ere, Manacorreko tenislariak 49 minutuan menperatu baitzuen Paul-Henri Mathieu frantsesa, bigarren seteko erdialdera zango bateko minagatik, Mathieuk partida bertan behera utzi zuela-eta.

Errusiarren arteko lehia estua espero zen: Davydenko, ATP zerrendako laugarrena, Youzhny hamalaugarrenaren aurka. Bada, aurreneko seta luze joan bazen ere, elkarri sakea behin eta berriro eten egiten ziotela, tie brak bidez Youzhnyk bereganatu, eta handik aurrera, Davydenkok behera egin zuen. Markagailuan bertan argi agertzen da Davydenkoren gainbehera: 7-6, 6-3 eta 6-1.

Tsonga eta Gasquetek Estatu frantseseko tenislarien arteko «derbia» jokatu zuten eta aurreneko bigarren eta hirugarren setak desenpatearen bidez erabaki ziren. Baina Tsongak freskoago ekin zion eta freskoago amaitu. Hirugarren seteko tie breaka 8-6 irabazita, aurrera eraman zuen partida Tsongak, bigarrena galdu zuen arren.

Nalbandianek, berriz, ez zuen atarramendu onik atera. Juan Carlos Ferrero Valentziarraren aurka 6-1, 6-2 eta 6-3 galdu zuen argentinarrak.

Serena eta Sharapova, indartsu

Emakumeen artean, iazko irabazle Serena Williams eta Maria Sharapovak beren indarra eta kalitatea erakutsi zuten beste behin. Hurrenez hurren, Nicole Vaidisova eta Elena Dementievari aise irabazi zieten WTA zerrendako bosgarren eta zazpigarrenak.

Serena Williamsek sasoi onean dagoela erakutsi zuen. Nicole Vaidisova 73 minutuan menperatu zuen, 6-3 eta 6-4ko emaitzaz. Estatubatuarrak bere indarraren legea ezarri zuen txekiarraren aurka.

Are eta errazago nagusitu zen Maria Sharapova bere herrikide Elena Dementievaren aurka. Ordubete eskasean 6-2 eta 6-0 nagusitu zen Sharapova. Piloteoan ez zen kolorerik izan eta sakean zein errestoan, egurra eman zion Dementievari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo