segunda vuelta del único derbi de la temporada
Egunsentia gorritxoentzat eta lanbro arteko arratsa Athletic zaleentzat
Goizean lasaitasuna nagusi zen Iruñeko karriketan. Ur ttanttak legez, zale zuri-gorriak apurka-apurka ailegatu ziren Nafarroako hiriburura. Bertan, giro ona eta bazkari ederraz dastatzeko aukera izan zuten. Baina, lehia hasi orduko bakoitzaren koloreak zeintzuk diren argi gelditu zen Sadarren.
Beñat ZARRABEITIA
Aurten euskal derbi bakarra dago Lehen Mailan eta denboraldia bukatu bitartean ez da gehiagorik egongo. Hala ere, datorren denboraldira arte gogoratuko duten garaipena lortu zuten Osasunaren zaleek.
Goizean, azken bi emaitza onen indarraz lagunduta, zale zuri-gorriak itxaropentsu ailegatu ziren Iruñera. Batzuk euren kabuz edo peñek antolatutako autobusetan joan ziren, beste batzuk zerbitzu erregularrekoetan, eta euren auto partikularrean gerturatu zenik ere izan zen. Gehienak, Athleticen elastikoa edo bufanda soinean zuten. Ausartenek, Santo Domingon San Fermini baino, San Mamesi erreguka egin zioten.
Dena den, hauek ez ziren hiriari kolorea eman zioten bakarrak. Gorritxoentzat, Athleticen kontrakoa partida berezia baita, eta Osasunaren aldeko ikurrak nabariak ziren hiri osoan zehar.
Bazkaltzeko orduan bi taldeetako zaleak mahai ezberdinetan topatzeko aukera handiak zeuden. Kasu batzuetan nahasiak, beste batzuetan bakoitza bere kabuz. Baina, Alde Zaharreko jatetxe ezagun batean, adibidez, Osasunaren elastikoa soinean zuen batek «athleeeetic!» oihukatzen entzuteko aukera egon zen. Sabela beteta, jendea Sadar ingurura abiatu zen eta giroak ezinbestean gora egin zuen.
Zelaian tentsioa nabari zen, hiru puntuek bi taldeei berebiziko lasaitasuna emango ziela bazekien mundu guztiak eta hori bistakoa zen berdegunean.
Osasunako jokalariek beroketa saioak bukatu eta aldageletarako bidea hartu zutenean txalo zaparrada itzela jaso zuten, Athleticekoek, ordea, txistu andana entzun behar izan zuten. Behin berdegunera berriz salto egiterakoan, zuri-gorrien kontrako oihuak areagotu egin ziren. Orohar, Athleticeko jokalari guztiek txistuak entzun zituzten, baina David Lopezek, are ozenagoak entzun behar izan zituen.
Osasunako futbolari ohiak bereak eta bi jasan behar izan zituen bere etxea izandakoan. Eskuin hegalekoak «horretarako prestatuta zegoela» aitortu zuen prentsa aretoan, baina egoerak ez zion nabarmentzeko betarik eman. Hala ere, eta jakinda harrobian egondako jokalari batek kluba uztea min ematen duela, Lopezek gorritxoen kontu korrontean sei miloi euro laga dituela ez ahaztea komeni izango litzateke.
Behelainoa protagonista
Giroa gero eta beroago zegoen, batik bat Amorebietak Juanfrani eginiko penaltiaren ondoren. Mejuto Gonzalez epailearen erabakiaren aurrean, zapi zuria atera zuenik ere izan zen.
Jokoak ez zuen askorik ematen, eta norgehiagokan ezusteko beste protagonista bat agertu zen: behelainoa.
Partidaren ondoren jokalariek eurei traba handirik egin ez ziela aitortu bazuten ere, ikusleentzat nahiko deserosoa egin zen gertakari hori. Minutuek aurrera egin ahala, behelainoa gero eta gehiago sartzen baitzen zelaira eta zati batzuk ondo ikustea ia ezinezko bilakatu zuen.
Partida egoera horretan zela ailegatu ziren partidua erabat aldatu zuten jokaldiak. Lehenik eta behin, Yesteren kanporatzea, basauritarrak burua galdu eta bere taldea jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen. Erdilari bizkaitarrak aldageletako bidea hartu zuenean, denetarik entzun behar izan zuen.
Saltsa sutan zegoen eta hobeto egosten jakin izan zutenak gorritxoak izan ziren. Euren nagusitasunaz aprobetxatu, eta zortea lagun, gola egitea lortu baitzuten. Dadyk jaurtitako faltak Amorebietaren bizkarrean jo, eta atea barrura sartu zen. Zoramena. Velak lehia erabakita utzi ostean «no son de Lezama, son de Tajonar» moduko kantuak «superhit» bihurtu ziren.
Astebetez jaitsierako postuetan egon ondoren, egunsentia ailegatu zen gorritxoentzat. Athleticen zaleek aldiz, lainoz eta joku txarrez zipriztindutako arratsaldea pasa zuten Sadarren.
Bazkari ofiziala
Bi zuzendaritza taldeek bazkaria izan zuten. Osasunako zuzendaritzak ez zuen egoera horretan begi onez hartu argazkilariek horren irudirik egitea, aurreko urteetan zuzendaritza zuri-gorrikoak «pertsona non grata-tzat» jo ostean. Hala ere, behin futbol zelaian, bi taldeetako presidenteak elkarrekin ikusteko aukera egon zen.