GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiako banderarekin batera, eraitsita geratu da egun beteko jaia

Danbor eta upel hotsak isildu dira Donostian. Mutu egongo dira beste urtebetez, datorren urtarrilaren 20a iritsi bitartean. Union Artesana elkartekoek gauerdian jo zituzten berriz ere, Konstituzio Plazan, Raimundo Sarriegik konposatutako doinuak, eta horiek isiltzearekin batera eraitsi zuten Donostiako bandera Udal Liburutegian. 24 orduko jaia ofizialki hortxe amaitu zen -egunez haurrak izan ziren protagonista-, nahiz eta baten batzuek gaua luzatuko zuten.

p001_f01.jpg

Mikel JAUREGI |

Hogei eta lau ordu baino ez dira, baina ez edonolakoak. Donostiarrentzat ez dago halakorik urte osoan. Haientzat, txiki zein nagusientzat, ez du parekorik Donostia Egunak. Atzo egun osoan bizitakoa da horren erakusgarri: Gaztelubide elkartekoek emandako jai hasiera -Konstituzio Plazaren itxura ikaragarria zen-, ondorengo gau luzea -kaleak jendez lepo, eta ez soilik Alde Zaharrekoak-, goiz eta eguerdi dotorea, arratsalde bete-be- tea... eta, gauerdian, Konstituzio Plaza berriz ere jendez gainezka Donostiako bandera eraisten ikusteko eta, Union Artesanakoen eskutik, Sarriegiren doinuak azkenekoz, aurtengoz bederen, entzuteko.

Baina eguneko protagonista handiak hiriko txikienak izan ziren. Izan ere, haur danborradak pisu garrantzitsua baitu Donostia Egunean. Eguraldi apartarekin, eguerdian abiatu zen Alderdi Ederretik, udaletxeko balkoitik jeneralak -Luis Adrian Morejon- eta Easo Ederrak -Rosangela Andrea Lancho- hitzaldi bana egin ostean. Biak San Jose ikastetxekoak, biak etorkinak. Eta biek goraipatu zituzten Donostia eta hiriaren egun handia, baina batik bat dei nagusi bat egin nahi izan zieten danborradako parte hartzaile guztiei. Luis Adrianek ezin hobeto laburbildu zuen: «Jo dezagun ozen, munduko txoko guztietan entzun dezaten Donostiako jai garrantzitsuena».

Jeneralaren eta Easo Ederraren ahotik halakoak entzun eta gero, «aginduari» men egin beharrean izan ziren Alderdi Ederrean bildutako haurrak. Guztira, 4.466 ziren, 52 konpainiatan banatuta. Guztiak beren ikastetxeko edo elkarteko jantziarekin, dotore asko, danborrak eta upelak soinean, eta makiltxoak eskuan. Jo eta jo, atsedenik gabe, bazkaltzeko ordua iritsi arte.

Euskal Billerak Alde Zaharreko elkarteko haurrek ireki zieten bidea gainerakoei. Haiei baitagokie danborrada abiarazteko ohorea, urte gehien dituen konpainia izateagatik. Atzetik zituen beste guztiak.

Cristina Garmendia, hunkituta

Nagusiek adinako ahalegina egin zuten txikiek Sarriegiren kantuak jarraitzeko. Baina azken hauek bihurrixeagoak dira, eta bat baino gehiago izan zen lerroa ezin gorderik ibili zena; edota ondokoa zirikatzen jardun zuena; edota, une batean edo bestean, erritmoa behar bezain zorrotz jarraitu ez zuena. Ezinegonaren, ilusioaren ondorioak horiek guztiak. Barkatzekoak denak.

Haurren adinako ilusioa zuen ibilbidearen aldamenera gerturatutako guraso andanak. Danborrada gogoz txalotu zuten, beren umetxoei dei egin zieten, eta askok eta askok ez zuten aukerarik galdu argazkiak egiteko edota bideokamerarekin konpainien ibilia jasotzeko.

Beste protagonista bat ere izan zen goiz partean. Haurren danborrada abiatu aurretik, Cristina Garmendia biologo donostiarrak Urrezko Danborra jaso zuen udaletxean, Odon Elorza alkatearen eskutik. Ekitaldian ziren, besteren artean, Gipuz-koako ahaldun nagusi Markel Olano, Lakuako eledun eta Kultura sailburu Miren Azkarate, eta aurreko urteetan Urrezko Danborra jasotako hainbat lagun: Ainhoa Arteta sopranoa, Pedro Abrego eta Martin Bera-sategi sukaldariak, Iñaki Gabilondo kazetaria...

Genetrix-eko eta Inbiomed Fundazioko presidentea zeharo hunkitu zen saria jasotzerakoan, eta zendutako aitari eskaini zion. Eskerrik beroenak, berriz, seme-alabei eta senarrari eman zizkien. «Berrikuntzari emandako saritzat» jo zuen Garmendiak, eta udal talde guztiek aho batez berari ematea erabaki izana eskertu zuen. «Berrikuntza, ikerketa eta garapena erabateko adostasunetik soilik susta daitezke. Gauza askotan behar da aho batez ados agertzea, baina batez ere garrantzitsua da donostiar guztiok elkarrekin lan egitea errespetua, bakea eta askatasuna lortzeko ahaleginean», adierazi zuen zientzialariak.

Garmendia, Elorza bezalaxe, Gipuzkoako hiriburua «munduan dagokion lekuan jartzearen» aldeko azaldu zen.

4.466 haur

Haurren danborrada izan zen eguneko protagonistetako bat. 4.466 ume eta gaztetxo, 52 konpainiatan banatuta, danborra eta upela gogoz astintzen aritu ziren.

urrezko danborra

Cristina Garmendia biologoak jaso zuen Urrezko Danborra, alkatearen eskutik. Hunkituta, «berrikuntzari emandako saria» dela adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo