«Espainiara irekia den Euskadi bat» da PSEren proiektua
Hauteskunde espainoletarako hilabete pasatxo falta den arren, PSEk dagoeneko aurkeztu du bere eskaintza, hain zuzen ere, «Espainiara eta mundura irekia den Euskadi». Bizkaiko idazkari nagusi Jose Antonio Pastorrek «`euskal Y' gisako itunak egiten dituen» Gobernuaren aldeko boza eskatu zuen eta beste aukera, gainera, «irteerarik gabeko Euskadi» izango dela iragarri. Era berean, aditzera eman zuen ez daudela EAJ «konbentzitzen» denbora galtzeko prest.
GARA |
PSEk Bizkaian duen idazkari nagusi Jose Antonio Pastorrek, atzo Barakaldon egindako adierazpenetan, bi aukera jarri zituen mahai gainean: «Irteerarik gabeko Euskadi», edota «bai Espainara, bai mundura irekia den Euskadi». Bigarrenaren alde egin zuen berak, eta aukera hori bere alderdiak ordezkatzen duela gaineratu zuen; beste aukera, aldiz, PPri egotzi zion.
Hauteskunde espainolak dagoeneko gainean ditugula gauza jakina da, eta alderdi desberdinetako eledunen adierazpenak dira horren froga nabarmenena. PSEk hitzordu hartara Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik eramango dituen hautagaiak larunbatean aurkeztu ostean, atzo EAJri eta PPri kritikak egiteko baliatu zuten Barakaldoko egoitza berriz irekitzeko ekitaldia. Ekitaldian luze eta zabal aritu zen Pastor, eta egungo egoera orain dela lau urtekoarekin alderatu zuen.
Denboran atzera eginez, «Euskadik PPren oldarraldia» pairatu eta «izua bizi» zuela azaldu zuen, eta aurkari politikoak «arerio» bilakatu zirela nabarmendu. Egun ordea, egoera oso bestelakoa da Pastorren ustez eta haren esanetan, PSOEk «adostasuna ekarri du Euskadira», egun «itxaropenean bizi eta desberdinen arteko zinezko elkarrizketa» dagoela esan zuen.
Behin egoerak parekatuta, hautesleei zuzendu eta haien aukera zein izango ote den itaundu zien. Era berean, «lur honetaz arduratu eta `euskal Y' bezalako gai garrantzitsuak ituntzen dituen» Gobernu espainolaren alde egitea galde- gin zien. Finean, haren aburuz, «bai Espainiara, bai mundura irekia egongo den Euskadi» litzateke hori.
Datorren martxoaren 9an aukera horren alde bozkalekuetara joateko deia egin zuen Pastorrek. Gainera, Mariano Rajoy buru duen alderdiak, PPk, «eskuin atzerakoiena» mugituko duelakoan dago.
Hauteskundeak igarota, Gobernua osatzeko orduan EAJk bere babesa PPri edota PSOEri emateko aukeraren inguruan, «jeltzaleak konbentzitzeko saiakeran, minutu erdia ere ez» dutela galduko eman zuen aditzera Pastorrek. EAJ bera, gainera, ez da haren ustez, «larregi aipagarria». Hala eta guztiz ere, PP eta PSOE artean «ezinezkoa den istantzia kidetasun» horretan kokatzeko gakoak «jeltzaleek bakarrik ulertzen» dituztela nabarmendu zuen.
Ideia horretan sakondu zuen, era berean, Patxi Lopezek Ser irrati katean. Haren ustez, EAJren erabakia «ikaragarria» da. PPk «egindako guztia ahaztu eta hari babesa ematea» lehengora bueltatzea litzateke Lopezen iritzian, «kalapita eta aurkakotasun iraunkorra».
EAJ, berean
Kongresu espainolean EAJk eledun duen Josu Erkorekak ere hauteskunde kanpainetan ohiko izaten den berbaldia egin zuen atzo. Bozketen ondoren PPren edo PSOEren alde egitea «berdin» zaiola berretsi zuen.
Bilbon, Galeuscatek egindako hainbat proposamen aditzera emateko antolatutako agerraldian, bere alderdia «euskal ordezkaritzatzat» jo eta «euskal gaia bere osotasunean lantzeko prestasuna duen hori» babestuko dutela gehitu zuen. Gainera, EAJko jarraitzaileen artean PSEk bere aldeko boza erabilgarria lortzeko saiakerak «hutsalak» izango direla esan zuen.
«Euskadiren defentsa xede duten herritar zentzudunek» EAJ gisako alternatibak bozkatzea beste aukerarik ez dutela uste du Erkorekak. Aurrera begira, gainera, aurre kanpainan EAJk «ondo egindako lana» kaleratuko duela iragarri zuen; «Euskaditik eta Euskadi erreal batentzat» gehitu zuen.
EAJ, CiU eta BNG alderdiek osatzen duten Galeuscat taldea egiturazko hainbat erreforma proposamen egiten ari da, Estatu espainola nazio askotakoa eta kultura eta hizkuntza anitzekoa dela onar dadin. Ideia horiek gainera, bakoitzak bere programan eramango ditu.
Proposamen horien artean, erabakitze eskubidearen defentsa aintzat hartzen dela azaldu zuen Josu Erkorekak. Hala ere, eskubide hau alderdi bakoitzak «oso era desberdinean» ulertzen duela esan zuen.
Kongresu espainolean EAJko eledun eta orain, Ganbera horretarako Bizkaiko hautagai den Josu Erkorekak, beste behin ere, ezker abertzalearen aurka egiteko erabili zuen atzoko agerraldia. Kritikatu egin zuen martxoaren 9ko hauteskundeetan EAE-ANVk parte hartzea erabaki izana eta ea Kongresu eta Senatu espainolak «kutsatzeari utzi» dioten itaundu zuen. Haren aburuz, azken urteetan ez da deus aldatu bi Ganbera horietan, haren esanetan «lehen bezain espainolak» izaten jarraitzen baitute.
Alderdi ekintzailearen ilegalizazioa «hipotesitzat» jo eta «bururaino eramango den jakitea ezinezkoa» dela uste du Erkorekak. Gainera, EAE-ANVri gertakari horri «aurre hartzea» leporatu zion.
2000. urteko hauteskunde espainoletan Euskal Herritarrok alderdiak abstentzioa galdegin zuela gogorarazi eta zortzi urte hauetan zehar zer aldatu ote den galdetu zuen, beste behin. Hala eta guztiz ere, ezker abertzalearen ekimenean «berritasunik ez» dagoela uste du eta ezker abertzaleak hauteskunde kanpaina egiteko arrazoia «bere bozen mantentzean» dagoela gaineratu zuen ordezkari jelkideak; gainera, bozak bere alderdira edo EAra joan daitezkeela agertu zuen.