GARA > Idatzia > Kultura

Balenciaga Fundazioaren auzian erakundeen jarrera salatu du Getariako EAEk

GARA | GETARIA

Balenciaga Fundazioaren egungo estatutuak aldatu eta egitura osoa berritzea da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lakuako Gobernuak jarri duten baldintza erakunde horretan parte hartzeko. «Aldaketa hauek orain exijitzeak, agerian uzten du orain arte Fundazioak izan dituen estatutu eta egitura desegokiak eta kontrolik gabeak izan direla, behin eta berriz Ezker Abertzaleak azken hiru legegintzaldietan salatu izan duen bezala», adierazi du Getariako EAE-ANVk.

Talde honek nabarmendu du Getariako Udala Fundazioko kide izan dela sorreratik eta haren ibilbide osoa babestu izan duela; baina, orain, foru aldundiak eta Lakuak Fundazio horren egitura osoa goitik behera aldatu behar dela esan dute.

«Nola uler daiteke -aipatu du- Fundazioak diseinatutako bigarren faseko lanak Berroeta Aldamar osatzen duten diputazioak eta jaurlaritzak beren gain hartzea eta, lanok bukatzean, museoaren kudeaketa, hain gaizki eratuta zegoen Fundazioari inolako lehiaketarako deirik egin gabe eman izana?».

EAEren iritziz, «auzi honen ardura ez da pertsona jakin baten gainean bakarrik utzi behar. Hasiera-hasieratik proiektu hau babestu eta Berroeta Aldamar elkartean biltzen diren udala, diputazioa eta jaurlaritza, hala nola, horiek sostengatzen dituzten alderdi politikoak dira guzti honen benetako erantzule nagusiak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo