Floren Aoiz Idazlea
Atutxa gaixoa!
Nola aldatzen diren gauzak! Horixe pentsatuko zuen, beharbada, Juan Maria Atutxak espainiar Epaitegi Gorenak hartutako erabakiaren berria jaso ondotik. Azkenean, eta fiskaltzaren nahiz EAEko epaitegiaren irizpideen aurka, delitua ikusten dute epaileek, eta Atutxa, Knör eta Bilbao zigortu dituzte, honenbestez, ultraeskuindar talde bati arrazoia emanaz. Nonbait, Atutxak ez zuen horrelakorik espero. Egia izan ala ez, berriz ere eginen zuela aldarrikatu du. Zer eginen, berriz? Pertsona hauen aurkako eraso judizialak dena nahasi du, eta zabaldu den irudia da ezker abertzalearen eskubideak sutsuki defendatzeagatik zigortu dituztela. Ez da egia, beren jarduera aztertuz gero, ez baita inon antzematen defentsa sutsurik. Legeen gauzatzeari buruzko eztabaida bat ireki zen eta jarrera ezberdinak agertu ziren. Besterik ez! Halaber, ezin da esan Gasteizko Parlamentuaren soberaniaren bermatzegatik eraso dietenik. Izan ere, pertsona hauek bete zituzten espainiar epaileen beste aginduak, adibidez, diru laguntzak ukatuz. Hitz gogorrak aditu arren, espainiar legeak betetzen eta betearaziz segituko du Gasteizko Parlamentuak, sortu zen egunetik egin duen moduan.
Zalantzarik gabe, errepresioaren biktima guziek elkartasuna merezi dute. Eta nirea, bederen, badute. Baita Atutxak ere. Baina hori gauza bat da, eta bestea hauteskunde aurreko lainoetan galtzea. Laster izanen dugu EA, EAJ eta IUren espainiar epaileen erabakien aurreko portaera ikusteko parada. Hiru alderdi hauek apartheidaz baliatu dira, nahiz eta ilegalizazioen estrategia salatu, eta gertaera zehatz batek ezin du urteetako jarrera ahantzarazi. Zer eginen dute oraindik aitzin EHAK eta EAE-ANVren aurkako neurrien aurrean? Atutxari dagokionez, beste zalantzak ere baditut. Zigorra ezagutu ondotik, errepikatuko ote zuen barne kontseilaria izan zelarik egin zuena? Nik dakidanez ez du deus ere esan horretaz, baina ulergarria litzateke Estatuarekin haserretzea. Finean, zerbitzu handiak egin dizkio Atutxak espainiar Estatuari, eta, nola ordaintzen dizkiote? EAJko lagun asko eraso zezaketen epaileek, baina nor eta Atutxa hautatu dute!
Bitxia da, aski da zeharkako disidentzia une labur bat sumisio urte luzeak ahazteko. Aski da ilegalizazioen estrategiaren ñabardura baten harira beste iritzi bat plazaratzea, legearen zama zure gain erortzeko.