GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTk lehen sektorean eragingo dituen kalte larriez ohartarazi du EHNEk

Lurrak eta lanpostuak murriztu, sailak erdibitu eta aurrekontuak xahutu egingo dituelako, sindikatuak gogor kritikatu du azpiegitura hori inposatu nahi izatea eta gaur Tolosan egingo den manifestaziorako deia egin du.

Maider EIZMENDI |

Gipuzkoako EHNEko kideek agerraldia egin zuten atzo AHTk eragingo dituen kalteez ohartarazteko, eta gaur Tolosan egingo den manifestazioan herritarrek parte har dezatela eskatzeko.

EHNEko kideek jakinarazi zutenez, azpiegitura horren ibilbideagatik zuzenean kaltetuak 331 lagun izango dira. Hori, kontuan hartu gabe eraikuntzan beharko diren bide, harrobi edota hondakindegiek eragingo dituzten kalteak. EHNE sindikatuaren arabera, lehen sektoreak kalte ugari jasango ditu, beraz, AHT egiten bada. «Lehenengoa lurraren galera, eta horren ondorioz nekazaritzako lanpostuen galera izango litzateke». Eurek dituzten datuen arabera, ibilbideko kilometro bakoitzeko 5 edo 7 hektarea landa lur desagerraraziko lituzke gutxienez. «Euskal Herriko ibilbide hipotetikoak 440 kilometrotik gora edukiko lituzkeela kontuan hartuz, egin kontuak» adierazi zuten. Baina horrez gain, gainerako nekazari lurren gaineko presioa ere areagotzea gerta litekeela uste dute, «industriaguneen, errepideen eta halakoen hedapena ekarriko lukeelako zenbait gunetan».

Bestalde, lursail ugari bitan banatuko lituzke, eta «honek lur horien erabilera erabat mugatuko luke, eta ganadua larretzea ere ia ezinezkoa bihurtuko litzateke trenaren inguruan, horrek eragingo lukeen zaratagatik».

Ez hori bakarrik, azpiegitura hori egiteko, Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren 53 urtetako aurrekontuaren bezainbestekoa da AHTk xahutuko omen duena eta «pentsatu beharrekoa da diru horrekin zenbat gauza utziko diren egiteko nekazaritzan, osasunean...».

Baserria sektore estrategikoa dela esan eta gero, desagertzera bultzatzen dituztela kritikatu zuen sindikatuak. «Ahul eduki nahi gaituzte gure lurren gainean euren gizarte eredua inposatzeko, eta jakitun dira nekazaritza sektore indartsu batekin eragozpen gehiago edukiko luketela gure lurren espekulazioa elikatzeko», azaldu zuten. Beraien ustez, AHT, beste hainbat azpiegitura, tartean, Pasaiako superportua, Itoizko urtegia, edota erraustegia, bultzatu nahi dituzten agintarien garapena ulertzeko moduaren ikurra da. «Ez dago ez Nazio Eraikuntzarik ez garapen iraunkorrik, praktikan, eraikuntza iraunkorra besterik ez daukagu», salatu zuten.

«Eraikuntza iraunkorra»

Eragingo dituen kalteak bai, baina proiektuak bultzatzeko erabiltzen dituzten estrategiak ez zituzten aipatu gabe utzi nahi izan. «Egiten ari diren AHTren aldeko publizitatea erabat salagarria iruditzen zaigu. Irrati telebista eta gainerako hedabideetan `negozio' horren alde agertzen den `informazio' guztia, Jaurlaritzak diseinatutako beste bultzada bat baino ez delako, herri honen iritzia eta haren aurka borrokatzeko eskubidea erabat baztertu eta egurtu egiten diren bitartean», salatu zuten, Auzitegi Nazionalean epaitu nahi dituzten bi gazte beasaindarren kasuari erreferentzia egin ostean.

Guztiagatik, EHNEko kideek gaur arratsaldeko 17.00etan Tolosako Triangelu plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten.

Tuteran izango da beste hitzordua. Erriberako herri honetan arratsaldeko 19.30ean hasiko da Geltoki plazatik tren sozial eta publikoaren aldeko manifestazioa. Bi deialdi horien aldeko atxikimendua erakutsi dutenak asko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo