Demokratak nor-zer Hego Karolinan eta Giulianiren azken aukera Floridan
Ameriketako Estatu Batuetako zirkuak aurrera jarraitzen du. Otsailaren 5eko «astearte handiaren» bezperan, Barack Obama dugu gaur faboritoa Hego Karolinako primarioetan. Floridan, ostera, errepublikarrek dute hitzordua, Rudolph Giulianiren azken aukera.
GARA |
Etxe Zurirako lehian Alderdi Demokrataren hautagai bilakatu nahi duten hiru politikari faboritoek berebiziko hitzordua dute gaur Hego Karolinan. Horrela, bada, Barack Obamaren eta Hillary Clintonen arteko lehia bizia Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldera iristen den lehen aldia dugu gaur.
Obama Illinoiseko senatariaren alde jotzen dute inkestek. Emaitza hauetan zeresan handia du Hego Karolinan bizi den beltz kopuruak. Estatu honetako hautesleen erdia baino gehiago beltza da, baina Obamak ez du orain arte, publikoki bere burua beltz bezala aitortu.
Rock izar baten pare hartu dute hautagaia bertan egin izan dituen agerraldi publikoetan.
Irabaztea ezinbestekoa du Obamak aukerei eutsi nahi izatekotan, eta New Hampshire estatuan izan zuen akatsa, azken txanpan lasaitu izana, errepikatzeko asmorik ez du inondik inora agertu.
15-20 puntura izanik ere, hautesle zurien artean, Clinton eta John Edwards dira faboritoak. 2004ko primarietan Hego Karolinako lehian garaile atera zen Edwarsek azkenetariko aukera izango du bertan beste bien artean burua altxatzeko.
Errepublikarrak Floridan
Errepublikarrak, ostera, Florida estatuan dute gaur hitzordua. John MacCain eta Mitt Romney dira faboritoak inkesten arabera. Hauen atzetik, Rudolph Giuliani New Yorkeko alkate ohiak etorkizun politikoa du jokoan primaria hauetan.
Giuliani herrialde mailan faboritoa zen duela gutxi arte, baina orain arteko primarioen lehiatik kanpo geratzea erabaki zuen.
Bozkatu duten estatuetako hautesleak oso kontserbadoreak dira, eta Giulianiren mezu «progresistek» ez omen zuten leku gehiegirik. Hala ere, hautagaia berandu iritsi dela dirudi, eta Floridako eta AEBetako inkestek hirugarren edo laugarren postua iragartzen diote.
Alabaina, oraindik irabazteko esperantza baduela esan du Giulianik. Hori bai, lehiakideek askoz diru gehiago dutela-eta, kexu agertu da, porrota aurretiaz onartuta agian.
Ia-ia ezinezkoa dirudi Giuliani McCain Vietnamgo beteranoari edota Romney milioidun mormoiari gailentzeak.
New Hampshireko eta Hego Karolinako primariak irabazi ondoren, McCain AEBetan oihartzun handia duen militarren aldeko mezua saltzen ari da azken egunotan.
Pozik behar du McCain senatariak, herrialde mailan bera baitugu faborito azken inkestetan. «The New York Times» egunkari boteretsua bere alde agertu da errepublikar presidente-gai gisa. Demokraten artean Clinton nahi du egunkari honek lehen lerroan.
Denak bat Clintonen aurka
Agian horrexegatik, hautagai errepublikarrek bat egin dute azken orduetan Clintonen aurka egiteko. McCainek berak Iraken, «errenditzearen bandera zuria altxazearen alde» agertu izana leportatu dio lehen emakumezko presidente-gai bilakatu nahi duen Clintoni.
«Aurrez aurre egoteko irrikan nago», gaineratu du Arizonako senatariak.
Romney bera ere ez da atzean geratu Clintonen aurka egiteko orduan. «Bill Clinton Etxe Zurira itzuli? Imajinatzera ere ez naiz ausartzen (...) Behar duguna zera da, presidente bat, eta ez herrialde hau gidatuko duela ziurtatzen duen bikote bat».
Clintonen hauteskundeetarako taldeak bera ere errepublikarren hautagaiarekin eztabaidatzeko amorratzen dagoela azaldu du, «Iraketik tropen itzulera azkarra eta arduratsuari buruz eta Bushen politikak bertan behera utziaz, ekonomia berpizteko neurriei buruz eztabaidatzeko». Horretarako aurretik irabazi egin beharko du.