Hendaiako Danborrada eginen dute gaur, bostehun musikari bilduko dituen herri jaia
GARA |
San Sebastian Eguna joan zen, baina danborrak ez daude horregatik isilik. Hendaiako Danborrada izanen da gaur, Hendaia.com-ek eta besta batzordeak antolatutako ekimena, hamaika taldek astinduko dituzte han instrumentuak. Hendaia.com elkarteko lagunek jakinarazi dutenez, talde horietako bederatzi, herrikoak bertakoak dira, eta besteak kanpokoak, Donostiako Union Artesana eta Ziburuko Mariñelak.
Txema Egiguren ekimenaren bultzatzaile eta koordinatzaileak nabarmendu duenez, Euskal Herriko hainbat herritan egiten da danborrada: Oñatin, Saran, Ziburun, Azpeitian... «Ohitura ezberdinak daude, eta ona da batak bestearengandik ikastea. Hori dela-eta, urtero danborrada bat gonbidatzea da gure asmoa eta aurten Ziburuko Mariñelak ekarriko dugu», adierazi du.
Ia laurehun danborrari bilduko dira, eta beste musikari anitz ere bai, denetara, bostehunen bat lagun. «Ipar Euskal Herriko danborradarik handiena izanen da», baieztatu du Egigurenek kontent. Kalejirak eginen dituzte auzo guztiak musikaz alaitu daitezen. Donostian bezala, Raimundo Sarriegiren obrak joko dituzte, baita Alaiak taldeko «Hendaia» abesti egokitua ere.
Arratsaldeko lauretan hasiko da animazioa Lapurdiko kostaldeko herri honetan hainbat danborradarekin, eta kalez kale ibili ondotik, zazpiak aldera, erdialdera joanen dira talde guztiak elkarrekin besta egitera.
20.15ean kalejira izango da danborrada guztiekin. Kanetatik Herriko Etxerako bidea eginen dute hauek Hendaiako bizilagunen eta bisitarien gozagarri. Hantxe eginen dute, Herriko Etxearen aitzinean, emankizun handia. Lapurdiko bandera, Hendaiakoa eta ikurrina izanen dira martxaren aitzinean.
Musika eta jaia ez dira horrekin bukatuko, 21.15 inguruan Burrunka taldeak perkusio ikuskizuna emanen baitu plazan, eta ondoren, Koloka taldeak hartuko du lekukoa. Gainera, animazioa, jatekoa eta edatekoa izanen da egun osoan elkarte eta ostatuetan.
Bixintxoak
Hendaian Bixintxoak egin ohi dituzte urtero eta danborrada txiki bat ere antolatzen zuten jai horietan. Orain dela bi urte Baleak Elkarteko kide Pitti Salbide harremanetan jarri zen Union Artesana taldekoekin eta bestara gonbidatu zituen. «Sagardotegian afaldu zuten gurekin eta oso ondo pasatu genuen. Orduan erabaki genuen zerbait egin behar genuela hendaiar erara eta 2007rako danborrada prestatu zuen Hendaia.com-ek», ekarri du gogora Txema Egiguren Baleak-eko presidenteak eta Hendaia.com-eko kideak. Zarpai, Akelarre eta Mutxiko elkarteek bat egin zuten proiektuarekin.
Parte hartzea bermatze aldera, jendearekin harremanetan jarri ziren eta, hala, auzoetako danborradak sortu zituzten. Hendaia mugiaraz daitekeela erakustea zen asmoa, ezberdintasun guztien gainetik herritar guztiak elkartzea. «`Dantzatzen duen herria ez da inoiz hiltzen', dio esaera ezagunak. Danborra jotzen duen herria ere ez», ziurtatu du Egigurenek. Aniztasunaren erakusgarri dira jantziak ere. Bale arrantzalea, sukaldaria, kantaria, marinela, dantzaria, pirata... Euskal kulturako pertsonaien arropaz jantzita aterako dira bestalariak.