GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Gipuzkoako Federazioak harremanak eten ditu Egur Sportekin

J.L. | DONOSTIA

Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak harreman guztiak eten ditu Urrezko Aizkora antolatzen duen Egur Sport enpresarekin.

Arazoa Unai Otañoren kasua izan da. Pasa den irailean Gipuzkoako finala amaitu osteko doping probako emaitza positibo eman ostean, kirolariari herrialdeko Federazioak kautelaz lizentzia kendu zion azaroan, baina Urrezko Aizkora jokatzen aritu da zigorra ezarri bitartean. Horrek eragin du federazioaren haserrea, atzo prentsa ohar baten bidez aditzera eman zutenez.

«Onartezina da kirol arloan diharduen inolako erakunde publikok edo pribatuk berak antolaturiko kirol ekitaldi ofizial edo ez ofizialetan kirolari bati esku hartzen uztea, jakinda kirolari horrek zigor espediente bat irekia duela doping kontrol batean positiboa emateagatik» dio oharrak.

«Egur Sportek nahita eman diola estaldura doping kontrolean emandako positiboari, kirolariari bere kirol ekitaldietan esku hartzen utzita. Arduragabekeria hutsa dela, eta, halaber, erabat bateraezina kirolean drogen erabilpen okerrari aurre egiteko edozein prebentzio politikarekin», gaineratu da oharrean. Horiek horrela, epe mugarik gabe enpresarekiko harremanak etetea erabaki du Gipuzkoako federazioak.

Erantzuna

Egur Sport enpresak ere berehala erantzun zion oharrari, eta garbi utzi nahi izan du, enpresa bera ere dopingaren aurka dagoela, eta ahal duen guztia egindo duela, hori kiroletik kentzeko.

Hala ere, garbi dauka, kirolari bati zigorra ezarri baino lehen ez dela bidezkoa lehiaketatik kanpo uztea. Hala jakinarazi zioten Gipuzkoako Federaziori, eta zigorra heldu bezain laster kanporatuko zutela ere adierazi zioten. Halaber, behin zigorra ezarrita, Egur Sport enpresari Federazioak ez diola jakinarazi salatzen du bertako arduraduna den Luix Mari Bengoak. Otañori ezarritako zigorra bi urtekoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo