GARA > Idatzia > Errugbia

TOP 14

Biarritzek eta Avironek gora egiteko aukera dute

Zuri-gorriek Perpinya taldea hartuko dute Agilera estadioan, 15.00etatik aurrera, eta bi oren eta erdi beranduago, zuri-urdinek Montpellierren zelaian jokatu beharko dute beren norgehiagoka

p051_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Biarritzek eta Avironek aukera paregabea dute sailkapeneko lehen postuetan jarraitzeko, baita posturen bat edo beste gora egiteko ere. Horretarako, ordea, irabazi egin behar, gaur jokatuko dituzten norgehiagokak.

Biarritzek 15.00etatik aurrera Agilera estadioan Pepinya hartuko du. Zuri-gorriek ahalik eta azkarren ahaztu nahi dute Europan jaso duen zaplaztekoa, eta gaur puntuak batzea bezalakorik ez dago, horretarako. Biarritz ez da ari oso denboraldi ona egiten, baina sailkapeneko hirugarren lekuan dago. Perpinyaren egoera askoz ere okerragoa da. Kataluniarrek ere ustez Liga irabazteko taldea egin dute, baina une honetan bederatzigarren postuan daude.

Jokalariei dagokionez, Biarritzek eman du hamabostekoa ezagutzera, eta honako hau izango da: Coetzee, Noirot, Avril, Thion, Carizza, Betsen, Harinordoki, Vahafolou, Cibray, Bosch, Ngwenya, Traile, Faafali, Bolakoro eta Brusque.

Biarritzek berri onak ere baditu jokalariak direla-eta, izan ere, Dimitri Yachvili ia normaltasunez entrenatzen hasita dago, bere lesioa gainditu ostean, eta litekeena da, datorren asteburuan jokatzen hastea.

Aviron, berriz, etxetik kanpo arituko da, Montpellierren zelaian jokatuko baitu 17.30ean hasita. Zuri-urdinak ere Europatik kanpo geratu dira, baina haientzat hori guztiz normala zen, eta horrek ez die inongo eraginik sortuko. Lapurtarrak sekulako denboraldia egiten ari dira, eta une honetan zazpigarren postuan daude, baina sailkapenean bi postu gorago egiteko parada izango dute, gaur lau puntuak batuz gero.

Beraien jokalariei dagokionez, Gerber eta Linde izango dira baja bakarrak, gainerako guztiak jokatzeko moduan baitaude. Hala ere, zuri-urdinen entrenatzaileek ez dute hamabostekoa aurkeztu nahi izan, baina ziurrenik azkenaldian zelairatu diren onenak izango dira, azken unera arte zeintzuk jokatuko duten erabakiko ez duten arren.

Pepito Elhorga, zuri-urdinen azkeneko fitxajea, datorren astelehenetik aurrera gainerako taldekideekin normaltasunez hasiko da entrenatzen. Jokalari horren parte hartzea, oso garrantzitsua izango da euskaldunentzat, eta garbi geratzen da, Avironek, mailari eustea baino zerbait gehiago egiteko asmoa duela aurten.

Emakumezkoen Lehen Mailan, ASB Baionakoak marka guztiak apurtzen jarraitu nahi du, izan ere, orain arte jokatu dituen partida guztiak irabazi egin baititu, eta gehienetan, aurkarieri astindu handiak emanez, gainera.

Berde-moreek Funsarbuis taldearen zelaian jokatuko dute bihar 15.00etatik aurrera. Lapurtarren aurkariak hirugarren postuan daude, baina ez dirudi euskaldunak azpian hartzeko modukoak izango direnik, ASB taldeak gainerakoei alde nabarmena hartu baitie, partidatik partidara ikusi den moduan.

Liga Federalean, Lehen Mailan, Maulek Colomiers talde handiaren zelaian jokatuko du. Nafarroak ere ez du lan erraza izango, Lurdaren zelaian jokatuko baitu. Donibane Lohizunek, aldiz, etxean Perigueux hartuko du. Partida guztiak bihar 15.00etan abiatuko dira.

Ohorezko Maila

Ohorezko Mailan dabiltzan euskal taldeentzat jardunaldi zaila izango da. Batez ere, Ampo Ordiziarentzat, gipuzkoarrak jaitsierako postuetan daude-eta. Goierritarrak Valladolid taldea hartuko dute bihar Trevijanon 12.00etatik aurerra. Partida zaila izan arren, ordiziarrek puntuak behar dituzte jaitsierako postuetatik ihes egin ahal izateko. Bestela hortxe jarraitu beharko dute, eta egoera apur bat okertuko da.

Faduran jokatuko den norgehiagoka ere, ordu berean abiatuko da. Bertan, Getxo Artea eta Pozuelo neurtuko dira. Bizkaitarrek ez dute partida erraza izango, baina horiak bolada oso onean dabiltza, eta lau puntuak batzea ere ez litzateke ezusteko handia izango.

Oren erdi bat beranduago, hasiko du bere partida Bera Berak Bartzelonaren zelaian. Euskal taldeen artean, hauek izango dute, beharbada, partidarik samurrena. Nolanahi ere, gipuzkoarrek lau puntuak lortu beharko lituzkete, lehen itzulian galdu egin zuten-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo