GARA > Idatzia > Kultura

«Kalitatezko telebista eskaintzeko hautua, kateburuen anbizio kontua da»

Henri pierre deleau

FIPA-KO ZUZENDARI orokorra

Asteartetik igandera bitartean, Biarritz munduko telebista programen merkatu handiena bihurtu da FIPA jaialdiaren karietara. Pierre Henrie Deleau jaialdiko zuzendaria da, eta telebistak ere kalitatezko programak eskaintzeko leihatila izan dezan tresna eskaini nahi du FIPAren bidez.

 

FIPA topaketa, jaialdi bat da. Zergatik borondate hau ?

Jaialdiaren helburua, topaketa bultzatzea da. Mundu osotik heldu dira telebista munduko aktoreak. Biziki interesgarria iruditzen zait Txinako, Japoniako, Australiako... ekoiztetxe batekin zure ideiak, asmoak trukatzeko aukera izatea. Kalitatezko programak egiten dituztenei aterabidea eman nahi diegu, eta bide batez, horrelako programetan inplikatu nahi duten telebista kateei aukerak proposatu.

Ildo horretatik, nazioartean ospe handia lortu du FIPAk.

Datu batzuek argi erakusten dute jaialdiak duen ospea. 27.000 ikusle izan ziren iaz, bost egunez. 2.500 profesional daude, 240 kazetari... izugarria da. Lehiaketan parte hartzeko, jaso genituen programak 1.700 dira, 67 herrialdetakoak. Uste dut datu horiek argi erakusten dutela Europan eta munduan jaialdiak hartu duen sona zenbaterainokoa den.

Suediako telebista aurkeztu duzue aurten. Zergatik aukera hori ?

Telebista hori eredugarria iruditzen zait. Herri txiki bat da Suedia, baina programa kalitate oso harrigarria du. Ildo editorialean anbizio handia dute suediarrek. Kalitatearen bila doaz, eta ez zaie hainbeste axola audientzia emaitzen taulek eta grafikoek joera onak ukaitea. Nola lan egiten duten jakiteko gonbidatu ditut eta oso interesgarria izan da. Ez zitzaidan burutik pasa ere egin Berlusconi edo Mediaset gonbidatzea... telebista eredu patetiko hori ez zait interesatzen.

Espainiar estatuko telebistari buruz, zer iritzi duzu ?

Espainian Italiako RAIren arazo berdina dute. Telebista publikoak ez du dirurik, eta ondorioz arrunkeriara jotzen dute. Anbizio kontua da, azken finean.

Kalitatezko telebistak ba al du etorkizunik ?

Kateetan agintzen duen jendearen kalitatearen araberakoa izanen da etorkizun hori. Testuinguru horretan, joera orokorra arrunkeriara eta inozokeriara jotzea da. Baina, horren erdian, herri guztietan kate batean edo bitan bederen kalitatearentzako lekua egon daiteke. Eta horrek ez du erran nahi aspergarria izanen denik kate hori.

Nik kalitatean sinisten dut etorkizunerako. Frantziako Canal Plus-en adibidea hor dago. Kalitatezko fikzio eta dokumentalei esker, azken urteetako krisia gainditzen ari da aipatu katea.

E. Z.

Ficha

Lugar: Bilborock, Capitol, FNAC y centros culturales de trece localidades de Bizkaia y Gipuzkoa.

Fecha: Del 21 al 27 en Bilbo. Del 28 de enero al 2 de febrero en el resto de municipios. Organiza: Asociación Hegoak. Más información: www.zinegoak.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo