GARA > Idatzia > Ikusmira

Munduaren begiradari ostutako hamar krisirik larrienak arreta zain

Munduko krisi ugari izan dira hedabideetako lehen albiste, eta horietako askok oraindik sarri bete ohi du leku hori; beste batzuk berriz, izan ziren munduaren begiradapean lipar batez eta luze gabe, ahanzturarik ilunenean zokoratuta geratu ziren. Mugarik Gabeko Medikuak (MGM) Gobernuz Kanpoko Erakundeak 2007ko txostenaren arabera ahaztuen dauden hamar krisiak ekarri ditu gaur GARAk bere orrialdeetara, eta irakurleari, asaldura ez ezik, galderak ere etorriko zaizkio burura, seguru asko.

Esate baterako, krisi horiek eta, beraz, gordinen sufritzen dituztenek, munduaren arreta zergatik ez duten merezi; zergatik albiste izan direnean, haien alderdi batzuk nabarmendu eta beste batzuk ezkutatu egin dituzten; nolatan Mendebalde oparoak gatazka horien konponbidean laguntzeko bitartekoak jarri beharrean, tartean etekinik ez badago, zirkinik ere ez duen egiten, eta askotan gatazkok sustatu ere, sustatu egiten dituen. Izan ere, krisi horien jatorrian, oro har, Mendebalde diru-gosearen eskua begizta daiteke gehiegi aztarrikatu beharrik gabe. Galdera asko, eta antzematen diren erantzunak zailak baino, ezerosoak areago.

Kontu hau ez da hedabideetan ateratzeko gurari friboloaren ondorio. Gerra, gosea, gaixotasunak, edozein giza hondamen, hedabideetan agertzeko motibo tristea da, oso. Baina munduko errealitatea agerraraztea zeregin eta helburu dutenen bozgorailua behar dute, munduaren arreta behar dutelako. Ez alferrik, hasi zen MGM 1998an hamar krisi ahaztuenen txostenak argitaratzen, urte hartan Sudango hegoaldean izan zen gosete ikaragarriak Estatu Batuetako hedabideen arretarik, inondik inora, ez zuela-eta.

Aipatzekoa da, halaber, MGMko Estatu espainoleko presidente Paula Fariasek esandako egia: krisi batek hedabideetan ohiartzuna duenean, egoerarik kaskarren eta etsigarrienean dauden pertsonak ez dira sarritan albistearen muina. Azken hileotan Somalian indarkeria nabarmen gogortzeagatik ihesi joan diren 600.000 lagunek ez dute tarte txiki bat ere bete herrialde horri buruzko informazioetan.

Kongoko Errepublika Demokratikoa, Kolonbia, Myanmar, Sri Lanka, Txetxenia... Hamar arrazoi eta gehiago, premiazko hausnarketa sakon baterako. Kazetaritza fakultateetako irakaspenak ahaztu beharreko teoria laño besterik ez badira, behinik behin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo