GARA > Idatzia > Osasuna

LIGA

Derbian erakutsitako jokoari eusteko asmoz

p044_f03_088x099.jpg

 

GARA | IRUÑEA

Astebete jaitsiera postuetan eta zalantza handien artean igarota, Osasunak sekulako lasaitua hartu zuen aurreko igandean Athleticen kontrako derbian irabazi baitzuen. Joko eskasa erakutsi bazuten ere, intentsitatearen bidetik etorritako hiru puntu horiek lasaitasun puntu egokia eman diote Zigandari Sevillaren aurkako lehia prestatu ahal izateko.

Larraintzargo entrenatzaileak zalantza bi ditu. Alde batetik, oraindik ez dago batere argi zeinek beteko dituen erdi-punta lanak. Azken norgehiagokan Xavier Margairaz suitzarra aritu izan da, baina askok bere moteltasuna aipatu, eta hamaikakotik at geratu beharko litzatekeela nabarmendu dute. Bere ordez, baliteke Kike Solak edota Hector Fontek izatea aukera. Cascanteko aurrelariak minutu onak izan zituen Athleticen aurka eta Font euskarri postuan baino hobeto moldatzen da metro batzuk aurrerago.

Bestalde, nahiz eta Patxi Puñalek arazo fisikoak gainditu dituen, Zigandak ez du batere argi Uhartekoa edo Jon Erize burlatarra zelairatuko duen. Sanchez Pizjuan futbol zelaian egongo ez dena Jaroslav Plasil da. Txekiarrak zuntz haustura dauka eta bizpairu astez zekaitik kanpo egon beharko duela gauza jakina da.

Boulahrouz deialdian

Gogotsu badaude ere, gorritxoek ez dute lehia batere erraza izango. Sevilla maila handiko taldea da eta Ligan zirt edo zart egin beharrean dago. Andaluziarrak puntu beharrean daude, sailkapenean arazoak igartzen hasi baino lehen. Gainera, iruindarrek ez daukate Sanchez Pizjuaneko oroitzapen batere onik, izan ere, iaz, han galdu baitzuten UEFAko finala jokatzeko aukera.

Manolo Jimenezek hainbat baja ditu oraindik. Izan ere, Kanoute, Keita eta Arouna Kone Afrikako Kopa jokatzen ari dira, eta Javi Navarro eta Palop lesionatuta daude. Entrenatzaile andaluziarrak Khalid Boulahrouz berreskuratuko du. Marokoar atzelari holandarra urrian lesionatu zen, eta harrezkero ez du jokatzeko aukerarik izan. Atzo, aspaldiko partez, Sevillaren deialdian sartu zen.

SEVILLA-OSASUNA
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo