GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Argia sariak

«Euskaraz bizi eta sortzen dugun komunitatea gaude gaur hemen»

z ziren guztiak han, baina egia da asko eta asko gerturatu zirela atzo 2008ko Argia Sariak banatzeko urtero egin ohi duten ekitaldira. Izan ere, «Argia» aldizkariko zuzendari Xabier Letonak esandako moduan, «euskaraz bizi eta sortzen dugun komunitatea gaude gaur hemen». E

p057_f01_148x100.jpg

Rebeka CALVO

Urte hasiberri honetan kultura munduan lan egiten dutenek bete dute jada urteko lehen kultur ekitaldia. Izan ere, Argia Sariak banatu ziren atzo, urteroko moduan Lasarteko Txintxardin Beltza jatetxean eta, nola ez, bazkari oparo baten ondotik. Esan beharrik ez dago euskarazko kultura eta komunikazio munduan lan egiten duten aurpegi ezagun asko zirela bertan, eta bazkari oparoaren ondoren aurpegi alai asko ere ikusi ahal zirela. Sari banaketa behar bezala hasteko, «Argia» aldizkariko zuzendiariak, Xabier Letonak, hartu zuen hitza. Egungo Euskal Herriko egoeraz hitz egin zuen Letonak, eta horretarako Xabier Zabaltza izan zuen bidelagun, idazlearen «Gu nafarrok» saiakera politikoaren Pertsiarko pasarte bat erabili baitzuen izotzaldia berotzeko.

Sarituak

Lehen saria Internet munduari eskainitakoa izan zen, Sareko Argia izenekoa, eta Euskarazko Wikipediaren arduradunek jaso zuten Antton Mendizabalek harri eta zurez egindako saria.

Euskarazko Wikipediaren izenean Mikel Iturbe, Unai Fernandez de Betoño eta Julen Gomez izan ziren sari banaketan, eta orain arte egindako lanarengatik jaso duten «gauza bakarra» atzoko bazkaria izan dela adierazi ostean, Interneten sartu eta beraien lana bisitatzeko gonbitea egin zieten jatetxean ziren lagun guztiei; «askok pentsatzen dutena baino hobea baita», aipatu zuten umoretsu.

Prentsa idatziari eskainitako saria «Berria» egunkariko kazetari bati eman zioten, Imanol Murua Uriari. Kazetariak «Argia» aldizkariaren hastapenetako urteetan egin zuen lan, aipatu zituen beste askorekin batera: «Juan Joxe Petrikorena, Pello Zubiria, Iñaki Uria, Jesus Mari Zalakain... asko izan ginen lanean. Hauetako batzuk kartzelan dira, eta beste batzuk epaiketaren zain daude. Hemendik gutxira hamabi lagun epaituko dituzte, eta egun horretan bertan ni neu ere epaituko naute», esan zuen besteak beste.

Publizitatearen arloan banatzen duten Argia Saria jasotzeko Miren Azkarate «flipatu» bat gerturatu zen oholtzara. Izan ere, Lakuako Kultura Sailburuak ez zuela inondik inora saria espero argitu zuen. Saria «Euskarazko komunikabideak? Behar duzuna eta askoz gehiago» kanpainarengatik eman zioten Kultura Sailari, hain zuzen, Aritz Aranburu surflaria eta bere amona protagonista dituen iragarkia ardatz duen kanpainarengatik.

Azkarate nahiko «heretiko eta ikonoklasta» joan zen gainera ekitaldira, eta Euskaltzaindiari aurrea hartuz «plantxako tabla surfeko tabla bilakatu behar dugu esango dut, lisaburdina surfa egiteko ohol bilakatu behar dugu esan beharrean». Bada, hori, egun ikonoklasta zuela Azkaratek atzo. Ostirala zelako ote?

Telebistari eskainitako saria izan zen hurrengoa, eta irabazlea «Mihiluze» ETB-1eko lehiaketa izan zen. Aurkezleak, Kike Amonarriz eta Ilazki Serrano, igo ziren lehenik oholtzara, baina atzean zuten saioa posible egiten duten gainontzeko «ekipoa» ere. «Ekipo honekin zerbait konkistatzeko gogoa ere ematen du!», esan zuen Amonarrizek.

Irrati arloari dagokionez, Euskadi Irratiko «Arratsaldekoa» irratsaioak eskuratu zuen saria, eta hantxe agertu ziren, entzungailuak belarrietan eta mikrofonoak eskuan, Arantxa Iturbe, Tere Beloki eta Nekane Peñagarikano. Izan ere, saioa zuzenean egiten ari ziren, «lana gustura egiten dugun seinale», aitortu zuen pozik Iturbek.

Azken saria, Merezimenduzko Saria izan zen, eta «Argia» aldizkarian «etxekotzat» duten Emilio Lopez Adan, Beltza izan zen ohorea merezi izan zuena. Esker oneko, Lopez Adanek, adierazpen askatasunaren alde lan egin dutenak ekarri zituen gogora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo