GARA > Idatzia > Euskal Herria

Fiskaltzak bost gazteren zigor eskaerak kendu ditu

Bizkaiko 14 gazteren aurkako epaiketa amaitutzat eman zuten atzo Auzitegi Nazionalean. Fiskalak bost auzipeturen aurkako kartzela eskaerak kendu eta beste bederatziena, bosna urtekoa, bere horretan utzi zuen.

p018_f03_122x122.jpg

GARA |

Auzitegi Nazional espainolak atzo eman zuen bukatutzat Bizkaiko 14 gazteren aurka bezperan hasitako epaiketa. Bost absolbitu egin zituzten, beraien aurka eginiko zigor eskaria kendu egin baitzuen Fiskaltzak. Beste bederatzientzat ordea, bost urteko espetxe zigor bana galdegin zuen. Defentsak aldiz, guztien absoluzioa eskatu zuen.

Absolbitutako gazteen artean Kepa Saratxaga dago, epaitutako gertaerak jazo zirenean espetxean preso zegoena; baita Martin Etxegarai ere, leporatutako gertaeren garaian adin txikikoa izateagatik, Auzitegi Nazionalean epaitua ezin dena izan. Bestetik, Gontzal Gonzalez, Ekaitz Bilbao eta Aimar Hidalgo dira aske geratu diren beste gazteak. Horien kontrako froga bakarra, Urtzi Paulek egindako polizia deklarazioak ziren, eta honek ukatu egin zizkion epaileari.

Atzoko saioan hiru lekukoen froga eta perituen txostenak aurkeztu ziren. Horren ondoren, Vicente Gonzalez fiskalak bost urteko espetxe zigor banaren eskaerari eutsi zion, Paul Larrea, Endika Lejarzegi, Andoni Beroiz, Iker Lima, Jon Crespo, Ugaitz Perez eta Xabier Arriluzea gazteentzat. Leporatzen dizkien delituak «triskantzen delitu iraun- korra» eta «desordena publikoak» dira, eta hiru eta bi urteko espetxe zigorra galdegiten du, hurrenez hurren, delitu horiengatik Ministerio Publikoak.

Defentsak aldiz, absoluzioa galdegin zuen ororentzat eta «gazteek egindako deklarazioak zigortzeko nahikoak ez» direla adierazi zuen. Gainera, inkomunikazio egoerak iraun bitartean gazteek ertzainen eskutik tratu txarrak jasan zituztela gogorarazi eta, horien autoinkulpazioak tratu txarren ondorio izan zirela nabarmendu zuen.

Era berean, gazteen aurka «bi delitu leporatu ezin» direla adierazi zuen defentsak. Haren ustez, kale borroka erasoak «gizarte ordena baldintzatzeko helburua» izango luke eta «kalteak sortzea, hori lortzeko bitarteko izango» liratekeela esan zuen.

Gazteen aurkako epaiketa hau salatzeko egindako protestak asko izan dira. Bilboko Santutxu auzoan edota Iurretan adibidez, hainbat gaztek bertako batzokien aurka pintura gorria jaurti, eta «torturatzaileak» dioen pintada idatzi dute sarreran.

Gaur ere gazte hauen aurkako epaiketa salatuko dute, Algorta zein Galdakaoko karriketan zehar. Lehena 13.00etan izanen da, eta Zamakona plazatik abiatuko da manifestazioa; bigarrena aldiz, 13.30ean, Telletxea plazatik abiatuta.

Gaur Lea Artibaikoen txanda

Bestetik, Askatasunak jakitera eman zuenaren arabera, gaur eramango dituzte Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera joan den asteartean Polizia espainolak Lea Artibai eskualdean gatibu hartutako zortzi gazteak. «Inkomunikazio egoeran pasa daitezkeela» ohartarazi zuen.

Atxilotutakoak Urko eta Ainhoa Pagoaga anai-arrebak, Estebe Gandiaga, Iban Etxebarria, Borja Oregi, Zaloa Zenarrutzabeitia, Eneko Etxaburu eta Eneko Ostolaza dira, eta errepresioaren aurkako erakundeak salatu bezala, torturaren aurkako protokoloa aplikatzea ukatu egin zuen Grande-Marlaska epaileak.

Markinan mobilizazio ugari egin da atxiloketa hauek salatzeko. Atzo goizean 150 ikasle atera ziren kalera; iluntzean berriz, 250 inguru izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo