GARA > Idatzia > Kultura

Inauteriak: euskaldun, afrikar eta indioen kontuak

Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa

Hemen dira Inauteriak. Ituren, Zalduondo, Uztaritze, Arizkun edo Tolosa bezalako herrietan ospakizun eta festa bereziak dituzte. Euskal Herriko txoko askotan egiten dira, baina ez bakarrik Euskal Herrian. Inauteriak «mendebaldeko» herrietako festa nagusiak direla esan daiteke. Europan hasi eta Amerikara zabaldu den ospakizuna da. Venezia, Cadiz, Tenerife, Trinidad eta Tobago, Sao Paulo, New Orleans, etab. ospetsuak dira euren inauteriengatik. Leku bakoitzean berezko ezaugarriak ditu, baina leku guztietan aurki daitezke osagai komunak; hala nola, musika eta dantza kalean, mozorroa, sua, edari eta janari oparoa eta, oro har, aldaketarako eta askatasunerako beharra (hasiera batean behintzat). Dena den, inauteriek ez dute zentzu bera izan historian zehar. Euskal Herrian, adibidez, hiru garai nabarmendu daitezke. Lehenengoan, kristautasunaren inposaketaren aurrekoan, udaberriaren etorrera ospatzen zen, naturaren berpiztea. Amaitzear zegoen aro iluneko gauza txarrak erre eta garai berriari ongietorria egiten zitzaion. Eliza nagusi egin zenean, festa debekatu nahi izan zuen eta bere gustura moldatzen saiatu zen. Naturaren aro berriak zuen garrantzia Pazko jaiari eman nahi izan zion eta inauteri ospakizuna garizuma aurreko egunetara pasatu zen. Gaur egun, parranda eta mozorro festa den arren, zoritxarrez, aldaketarako eta askatasunerako zentzua galdu du neurri handi batean. Zentzu horrekin jaio zen, adibidez, New Orleanseko inauteria. New Orleans frantses kolonizatzaileek sortu zuten Mississippi ibaiaren ertzean. Espainiarrek, portugesek, ingelesek, nederlandarrek eta hainbatek egin bezala, beltzak esklabo bezala erabili zituzten. Frantses jauntxoek inauteriaren ohitura mantendu zuten eta, Veneziakoen antzera, mozorro festak antolatzen zituzten jauregietan. Garizuma aurreko asteartean ospatzen zuten eta Mardi Gras (astearte koipetsua) deitzen zuten. Esklabotasuna ezeztatu zenean, esklabo izandakoek ohitura hori bereganatu egin zuten, kalera irten eta jauntxoen parodia eginez mozorrotu eta dantzatzen zuten. Denborarekin, Brass Band delakoen laguntzarekin (kaleko txaranga bitxiak) konpartsak antolatu zituzten. Konpartsa horietako batzuk indioz janzten dira, lur horietan bizi izan ziren eta ihes egin zuten esklaboei babesa eman zieten Seminola tribuko indioen omenez. Bitxia, ezta? Eta imajinatzen hasita, nolakoa izango litzateke euskal afro-indioen inauteria?

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo