GARA > Idatzia > Musika

Disko Berriak Aritz Sound System

Pop eta folkaren bidean

p058_f01_32x32.jpg

Larogeita hamargarren hamarkadaren erdialdean, Ingalaterran Godfrey anaiek (Paul disko jartzailea eta Ross musikaria) Morcheeba egitasmoa jarri zuten martxan. Anaiek musika konposatzen zuten eta ahotsak berriz Skye Edwardsek jartzen zituen. Trip-hop eta Bristol soinua deitu zenaren garaiak ziren; erritmoetan abiadura pausatuak eta setazko makinen nagusitasuna. Soularen ahotsak jazz, blues, dub, funk eta raparen oihartzunak zituen melodiaren gainean. Giro lasai eta atseginak sortzeko aproposak. «Who Can You Trust» (1996) eta «Big Calm»(1998) garai eta estilo horren erreferente bilakatu ziren. Skye Edward abeslariak taldea utzi ondoren egitasmoa noraezean ibili da. Urteak igaro dira eta musikak garapena izan du. Daisy Martey abeslariak saiakera egin zuen baina Edwardsek utzitako oinazeak zama handiegia zuen. Hiru urte igaro dira Morcheebak aurreko lana kaleratu zuenetik (Antidote, 2005) eta lan berrian bost abeslari desberdinek jartzen dituzte ahotsak. Base erritmikoetan ez da aldaketa handiegirik nabarmentzen (pop eta folk kutsuko doinu gehiago daude) baina abesteko eran, abeslari bakoitzak bere ezaugarriak gehitzen dizkio (pop eta folk aldera batzuk, soul eta rap aldera besteak). Laburbilduz, blues eta dub musiken eraginek hasieran ematen zioten iluntasuna galtzen doa pop eta folkaren argitasunaren mesederako. Zurrunbilorik gabeko musika goxo, melodiko eta atsegina bilatzen dutenentzat egokia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo