Eskubide murrizketa bat betetzeko, delitua egitera jotzeko proposamena
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren arabera, telefonia enpresak ez daude behartuta Interneten musika hartzen duten erabiltzaileen daturik ematera. Promusicaek (Estatu espainoleko musika ekoizpen-etxeen eta editoreen elkartea) piztu zuen polemika eta auzia, datuok epaileen bidez lortzeko eskatuta. Bruselatik datorren epaiak, ordea, datuen babesa lehenetsi eta fitxategi trukaketa ez dela delitua argi utzi du. Nolanahi ere, «babestutako oinarrizko eskubideen arteko oreka bermatzeko» zuzentarauak interpretatzea estatuei dagokie, eta epaileen baieztapen horri heldu dio Promusicaek, telefonia enpresek beren erabiltzaileak identifikatzera behartzeko Gobernu espainola. Bitxia da musika-ekoizleen elkarte horren nahia. Interneten musika partekatzea, salerosketa hebururik izan ezean, ez baita delitua. Hori eragozteko proposatu dutena delitu bat da, konfidentzialtasuna haustea, hain zuzen. Bitxia eta onartezina, delitu ez dena halakotzat jotzea, eskubide urraketa nabarmen bat eginda horretarako, erabiltzaileak identifikatzen dituen IP zenbakia datu guztiz pertsonala baita. Ekimen horrek, inoren eskubideak bermatzea barik, Sareko askatasuna murriztea baino ezin du ekarri.