GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Buruz Burukoa

Waltarik erraz jokatuz egin du bigarren faserako bidea

Kubako aurrelariak ez zuen izan aparteko eragozpenik Aranburu mendean hartzeko. 15-4 aitzineratu zen, tarte horri buelta ematea ezinezkoa egin zitzaion Pausuakoari, eta amerikarra sailkatu da

p046_f01.jpg

WALTARI 40  ARANBURU 24

Jon LEUNDA | EZPELETA

Ez zen ezusterik izan, eta Waltarik jokatuko du finalerdietako ligaska edo bigarren fasea, biak gauza bera baitira. Kubatarra nagusi izan zen. Bera zen faboritoa, eta ez zuen aparteko arazorik izan neurketa honetan ere aurrera egiteko.

Aranburuk garbi esan zuen hasi aurretik lehenengo, erasori eutsi behar ziola, eta ondoren kintzea luzatu, baina, kontua, hori lortzea zen, eta Pausuakoak ezin izan zuen hori egin; konturatzerako, 15-4 galtzen ari zen.

Amerikarrak betiko moduan egin zion, oso indartsu. Ahalik eta azkarren erabaki nahi izaten du, lapurtarrak ezin izan zion aurkariaren erasoari eutsi, eta zulo handia ireki zion.

Etxeberriren aurkako partidan bezala, Waltarik lasaitasunereko beta hartu zuen, eta huts batzuk egin zituen. Horrek bizia eman zion euskaldunari, hamar kintzetara jarri baitzen, 20-10.

Orduan, beste behin ere erasora jotzea erabaki zuen irabazleak, eta 30-18 jarri zuen markagailua, Orduan, bai, partida erabakita zegoela argi eta garbi zegoen. Aranburuk ere bazekien hori, markagailua itxuratzea izan zuen hurrengo erronka, eta hori ahal zuen neurrian egin ahal izan zuen.

Orain, bigarren fasea, edo finalerdietako ligaska hasiko da. Waltariren multzoan, Ezkurra II.a, Etxeto eta Sorhuet izango dira. Multzo oso gogorra izango da hau. Bestean, berriz, Ozafrain, Jean Claude Dermit, Kurutxari eta Idiart arituko dira. Ligaska hau datorren igandean abiatuko da.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo