GARA > Idatzia > Hemeroteka

ARGIA | Arantxa Urbe

«El Olenchero son los aitas»

Idatzi zuen norbaitek -Gabon bezperan- Tuterako Argia ikastolako hormetan. Horma horiek, ikastolako bi sarreretako alboko hormak dira, zehazki. Mezua idatzi zuenak, beraz, haurrengana iritsiko zela ziurtatu nahi izan zuen, alajaina!

Ez ziren horiek izan, hala ere, izkiriatu zituzten hitz bakarrak: «La ikastola es un nido de ETA», «Eusquera es ETA», «Euskara no en la Ribera» eta beste hainbat ere baziren tartean. Baina, Olentzeroren aipamenak iruditu zitzaizkidan denetan krudelenak; beste irainetara behar ez genukeen ohitze-maila lortzen ari garelako, agian.

(...) Gabon gauean, Olentzero gurera etortzeko zortea izan genuen. Erantzun zaileko galderen eta ametsez eta ilusioz beteriko egunen ostean, Olentzeroren aurrean gure Manex, Nora eta Haizearen begietan ikusi nuen argiak zirrara eragin zidan, hunkitu egin ninduen. Hormetako hitzak etorri zitzaizkidan gogora, eta are gupidagabeagoak ikusi nituen, orduan.

(...) Badira ere etikoki ukiezinak beharko luketen kontuak. Zerk egin ote du huts hitz horiek idatzi dituztenen heziketan? Zertan sinesten ote dute? Edota zein ote dira ilusioa zapuztu eta haurren begietako argi hori itzaltzen saiatu direnen balioak?

Egun haietan ere, EAEn Eusko Jaurlaritzak Bake Hezkuntza Plana aurkeztu zuen, Nafarroan martxan dena, jada.

Ideia eta helburu nagusienekin ados egonik, plan horien eraginkortasuna eskasa izango da berriro ere arazoen erroetara jo ezean eta pertsonen eta herrien eskubideek urratuta jarraitzen duten bitartean; Tuterakoa adibide. Nafarroako hizkuntza ereduaren arabera ikasleek ez dute euskaraz ikasteko eskubiderik Tuteran, eta ikastola da euskarazko irakaskuntza eskaintzen duen hezigune bakarra.

Euskal Herriko Hezkuntza Akordioan euskaldunok euskaraz ikasteko eta gure kultura ezagutzeko dugun eskubidea jasotzen da. Euskal Herri osoan gauzatzeko bideak ezartzen ez diren bitartean, zaila izango da bizikidetza usteltzen duten Tuterakoa bezalako ekintzak ekiditea. (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo