GARA > Idatzia > Euskal Herria

Inauteriek bete-betean hartuak dituzte Euskal Herriko karrikak

Kolore biziak eta distiratsuak ageri dira nonahi. Euskal Herriko txokoak inoiz baino lehenago itxuraldatu dira. Txokoak... eta jendea ere bai. Nor baino nor jantzi bitxiagoarekin, etxez etxe dabiltza kantuak, dantzak eta irriak oparitzen; herri eta hirietan desfileak egiten ari dira musikaz lagundurik. Gaur tolosarrei egokituko zaie mozorrotzea. Ostegunaz geroztik dabiltza jai giroan, baina inauterietako egun handiak asteartera bitartean ospatuko dituzte.
p030_f03_249x152.jpg

GARA |

Goiztiarrak dira aurten inauteriak, azken urteetako goiztiarrenak bai. Nagi handirik gabe ari dira, ordea, bateko eta besteko herritarrak ospatzen. Herri eta hirietan jendea atzo mozorro jantzirik ikustea zen arruntena, Iruñean kasu. Nafarroako hiriburuko Alde Zaharrean ostiral iluntzean abiatu zuten jaia gaztainak jan eta Mari Trapu-ren pregoia entzunda.

Atzo goizean, txikienei egokitu zitzaien Iruñeko Alde Zaharreko kaleak alaitzea. Nabarmen da askori mozorrotze horrek ilusio egiten diola, ikusi besterik ez ziren batzuen eta besteen irribarreak. Txikiekin batera hain txikiak ez zirenek ere desfilean parte hartu zuten. Denetarikoak izan ziren okasiorako aukeratu zituzten mozorroak: amonaz jantzitako neskatilak zeuden, leihoz mozorrotutako lagunak, pailazoz... Kirol ezberdinak irudikatuz eta jolastuz egin zuten ibilaldi osoa. Eguerdirako herri bazkaria eta babarrun-janak zeuden aukeran. Arratsaldean, berriz, «aerobik-a», hau da, poteoa.

Batzuk poteoan eta besteak beren mozorroak erakusten. Gaztelu Plaza eta Alde Zaharreko kaleak mozorroz beteta zeuden. Batez ere familiak ibili ziren arropa bitxi eta koloretsuak jantzita. Haur anitz mozorrotu zen eta helduren batzuek ere ileordeko ikusgarriak zituzten buruan. Gaur ere izango da Iruñeako Alde Zaharrean jaia nahi duenarentzat festa.

Broma eta broma artean bada erreibindikaziorako tarterik ere. Atzo goizean, esate baterako, Kontzientzia Eragozpen Mugimenduko partaideak Bilboko Gobernu Militarraren parean bildu ziren eta Juan de Garay kalera ematen duen ataria lorez bete zuten. Era berean hippy-z jantzita joan zen lagun taldeak «Make love not war» edota «Ejerzitoak apurtu» zioten pankarta batzuk zeramatzan.

Debekuak debeku, umore onez

Arratsaldean konpartsek hartu zituzten hiriburuko kaleak. Azken urteetan bezalaxe Bilboko konpartsek ezin izan zuten Gran Viatik igaro. Beste behin Hurtado Amezagatik Arenalera bitarteko ibilbidea egin behar izan zuten. Ez da inondik ere beraiek aukeratuko luketena baina, hala ere, umorerik eta ondo pasatzeko gogorik ez zaiela falta agerian utzi zuten beste behin. Orotara 25 ibilgailu eta 36 elkartek parte hartu zuten nork baino nork, jantzirik ikusgarri eta bitxiena nork eramango.

Geroxeago abiatu zen Udaleko programa ofizialeko desfilea, argi ikusgarriekin, mozorro dotoreekin, karroza handiekin.

Giroa primerakoa zen atzo iluntze gauean Bizkaiko hiriburuan eta beraz, askok gaua luzatuko zuten. Gaur goizean goiz ere badute konpartseroek hitzordua, 9.00etan putxera lehiaketa izango baita Plaza Barrian. Babarrun goxo-goxoak dastatzeko aukera bikaina.

Gipuzkoako hiriburuan ere hilabete luzeetan prestatutako mozorro eta dantza ikuskizunak erakutsi zituzten hainbat konpartsetako kideek. Ekitaldirik ikusgarrienetako bat atzoko karroza desfilea izan zen.

Tolosarrei gaur dagokie mozorroak janztea. Ostegunaz geroztik jai giroan dira herri honetan, baina gaur irtengo dira karrozak eta asteetan prestatutako mozorroak kalera. Ez da giro izango gaur, inondik ere imajinazioaren eta lotsagabetasunaren lekuko izango dira herriko kaleak eta hala hobe. Goizeko zortzietan hasiko da jaien egitaraua, baina seguru oraindik ere atzokoari amaiera eman ez dionik izango dela. Gorriti plazatik abiatuko da diana. Ohitura da pijamaz jantzirik irtetea, «jaiki, jaiki oi hortatik tolosarrak iñauterik beti», abestuz alaituko dituzte herriko kaleak. Ondoren urdailari gozatua eman, indarrak hartu, mozorrotu eta kalera, gorputzak eta arimak irauten duen bitartean inauteri giroaz gozatzera. Neurria hartu beharrean izango dira, oraindik ere asteartea bitartean parrandan ibiltzeko aukera izango baitute tolosarrek nahiz jaietara bertaratzeko asmoa duten guztiek.

Donibane Garaziko bizilagunek ere gaur ospatuko dute Libertimendua edo Bolanten Eguna. Goizean goiz abiatuko da kabalkada eta karrikaz karrika ibiliko da. Ondoren, 11.30ean, Ekhi Erramundegi, Patxi Hiriart eta Mizel Mateo bertsolarien ateraldiekin gozatzeko aukera izango da.

Batzuen batzuk dira aipatuak testu honetan, baina inauteriak Euskal Herriko txoko guztietan ospatzen dira, modu eta data desberdinetan, herri bakoitzean bere kantu, dantza eta pertsonaia bereziekin... eta den-denetan ohiko itxura aldatzeak eta bertze norbaiten larruan sartzeak ematen duen poz eta zirrara horrekin.

txikienak

Mozorrotzea gustuko dute eta hori nabarmena da. Txikien aitzakian janzten diren heldu askok ere bapo pasatzen dute kalejiran gora eta behera.

bilboko konpartsak

Bilboko konpartsek urtetan egin duten bezala hiriburuko kaleak beste inork ez bezala alaitu zituzten. Gaur ere badute hitzordua, putxera lehiaketa egingo baitute.

tolosa

Goizeko zortzietan abiatuko da diana kaleetan barrena. Askok ohitura dute ekimen goiztiar honetan pijamaz irteteko. Behin kalejira amaituta indarberritzeko gosari eder bat hartzea baino hoberik ez da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo