Bigarren itzuliaren hasiera
Inoiz baino irekiagoa dator Ipuruako derbia
Etenaldiek, hainbat jokalariren arazo fisikoek eta Arratek eta Portlandek izan dituzten ibilbideek faboritorik gabeko partida aurreikusarazten dute.
A.U.L. | EIBAR
Derbiak bigarren itzulia zabalduko du gaur Ipuruan. Faboritorik gabeko partidak omen dira eta are gehiago kasu honetan. Hilabete eta erdiko etenaldiak, hainbat jokalarik dituzten arazo fisikoek eta Arrate eta Portlandek denboraldiko lehen hilabeteetan izandako ibilbideek derbia, aurretik behintzat, inoiz baino irekiagoa izatea eragin du.
Aurrekariei begiratuz bat aukeratzerakotan Portland izan beharko litzateke garaipena eskuratzeko faboritoa, baina argi dago talde nafarrak arazoak dituela aurreko urteetako mailari eusteko. Arrate, berriz, etekina ateratzen ari zaio udan goitik behera berritutako taldeari. Eibartarrek, izan ere, denboraldiko lehen helburua eskuratu zuten abenduan, hots, Kopa lehiatzeko txartela lortzea, eta ibilbide horri eusteko asmoa dute, oraingoan helburua Europan lehen aldiz aritzea izanik.
Gainera, bereziki ondo aritu da talde zuri-urdina Ipuruan, Ademar edota Valladolid talde indartsuak menderatu baititu. Bere aurka, berriz, etenaldien ondorengo partidak galtzeko «ohitura» txarra.
«Gogoz gainezka» daude, hala ere, eibartarrak, Viktor Debrek atzo esan zuenez. «Gainera, irabazteko asko eta galtzeko gutxi daukagu». Arrate entrenatzaileak «betiko» hutsunea dauka, Matovicena; eta azken egun hauetan arazo fisikoak izan dituzten Carou eta Kobine ez dira ziurrak. Rudovicek eta, batez ere, Jurkiewiczek, bestalde, oso saio gutxitan hartu dute parte, biek hartu baitute parte Europako Txapelketan.
Gauza bera gertatzen da Portlandeko hainbat jokalarirekin, eta horrek Javier Cabanasek denboraldi osoan zehar izan dituen arazoak areagotzen ditu. Entrenatzaile nafarrak ezin izango ditu Rodriguez Carvajal eta Andorinho Eibarrera eraman eta, bestetik, Balic eta Matosevicen zalantzak dauzka, biak baitaude lunbalgiak jota.
«Nahiago nuke denbora gehiago izan partida prestatzeko -aitortu zuen Cabanasek- Europako Txapelketan egon diren jokalariei berriro egokitzeko epe bat eskaintzeko». Ez da hori, hala ere, ikusten duen zailtasun bakarra: «Arratek aurten partida onak egin ditu Ipuruan eta, gainera, beren motibazioa handiagoa izango da horrelako partida batean».