Tas-Tas irratiaren euskarazko lehenengo irrati tailerra prest
Bilboko Tas-Tas irrati libreak datorren hilabetean zehar irratizaleei zuzendutako lehen euskarazko tailerrak antolatu ditu. Hilaren 9an hasi eta martxoaren 1a bitartean, larunbatero lokuzioa, ahozko grabazioak, edizio digitala eta soinu efektuak landuko dituzte.
Itziar PEREZ | IRUÑEA
Bilboko Tas-Tas irrati libreak datorren larunbatean hasi eta martxoaren 1a bitartean irrati uhinetan barrena murgiltzeko aukera eskainiko du, izan ere, bertako kideek irratigintzaz ikastaro trinkoa antolatu baitute. Aurretik ere Tas-Tas irrati libreak gai honen inguruko hainbat tailer antolatu izan ditu. Normalean gaztelaniaz eskaini badituzte ere, aurten euskaraz egingo dituzte. «Ikasturte hasieran Tas-Tas irratiaren helburuak zehaztean euskararen aldeko apustua egitea erabaki genuen, horregatik aurten tailerrak euskaraz izanen dira», azaldu digu Iñigo Muñozek, Tas-Taseko esatariak. Apustu horren isla astelehenetik ostiralera emititzen duten «Kaleko Bentanie» magazina edota Arrosa irratiko sareari esker eskaintzen dituzten saio euskaldunak dira.
Ikastaroa otsailaren 9an hasi eta martxoaren 1era arte luzatuko da, 10.00etatik 14.00ak arte. Bertan irratiaren hizkuntza, lokuzioa, ahozko grabazioa, elkarrizketak egiteko prozesu eta modu ezberdinak, iragarki laburrak eta spotak, edizio digitala eta soinu efektuak aztertuko dituzte. Honez gainera, eta aurreko guztia praktikan ipini ahal izateko, ikastaro amaieran ikasleek euren irratsaioa sortu eta grabatu beharko dute. Esan bezala, praktika izanen da ikastaroaren helburua eta horregatik, bi orduko teoria saioa jaso ostean, ikasitakoa praktikan ipiniko dute.
Tailerraren gidaria Iñigo Muñoz esataria izanen da eta berak azaldu duen bezala, «gu profesionalak ez izan arren, urte hauetan zehar ikasitakoa besteei irakasten saiatuko gara». 16 ordu izanen dituzte irratigintzaz zee edo zer gehiago ikasteko. Denbora gehiegi ez bada ere, irratigintzaren nondik norakoak ikasteko balioko du. Era berean, irratia egiteko zaletasuna duten Bilboko euskaldunek irratira hurbildu eta bertan parte hartzeko aukera ere izanen dute.
Izena emateko bi modu daude: alde batetik, Tas-Tas irratiko telefonora deituta, eta bestetik, ikastaroak@tas-tas.org helbidera idatziz. Hala ere, apuntatu nahi duten pertsonek azkar ibili beharko dute, 15 lagunentzako lekua besterik ez da izanen eta. Prezioari dagokionez, parte-hartzaileek 10 euro ordaindu beharko dituzte matrikula egiteko mementoan.