GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Lord bat Black Beachen

Hilabete barru beteko da laugarren urteurrena, eta amaierara hurbiltzen ari daiteke komeria. Zimbabweko Gobernuak Ekuatore Gineakoaren eskuetan utzi baitu Simon Mann mertzenario-burua, bigarren herrialde horretan duela lau urteko martxoko lehen asteburu hartan eman nahi eta ezin zuten estatu kolpeaz erantzun dezan. Ziurrenik ez da antzerkiaren azken ekitaldia izango, baina argi dago eszenatoki berria agertuko dela oholtzaren gainean. Eta ikusleok gozamenerako paradaren bat ere izan dezakegu, beharbada.

Simon Mann lehen mailako aktorea baita. Adiera zuzenean ere: «Bloody Sunday» dokumentalean agertzen da, koronel ingelesarena egiten. Papera ez zitzaion batere arrotza gertatuko. Ingalaterrako cricket taldearen kapitain izandakoen semea eta biloba, Etoneko ikasle ohia, SASetako kapitain ohia, Tony Buckingham aberatsaren sozioa Executive Outcomes hegoafrikar gudaroste pribatuan, haren oinordekoa izango zen Sandline International elkargoaren factotuma... «War dog» baino gehiago egokitzen baitzaio «war lord» deitura Manni. Eta horrexegatik duela lau urte Obiangen poliziek atzeman, galdeketetan txikitu (bat torturapean hil zuten) eta egun Black Beach, Gineako presondegi gaiztoenean usteltzear izango diren Nick du Toit eta gainerako mertzenarioak baino maila bat gorago zegoen Mann estatu kolpe hartan. Egia esateko, tramaren goren-gorenean zegoen, Mark Thatcher ama-seme tunantearen gainetik, Eli Calil finantzarioarekin (?) eta Severo Moto politikoarekin (??) hirutasun oso lurtarra osatuz. Lurpekoa, hobeto esanda, Gineako petrolioa kontrolatu nahia ez baitzen urruti izango. Armak, dirua, kontaktuak, figuranteak, mozkinak... estatu kolpeak emateko ezinbesteko osagaiak dira. Arazoa da osagai horien guztien gainetik diseinu eta zuzendaritza ere izaten dutela estatu kolpeek. Eta horixe da 2004ko martxoko hartaz argitu ez dena. Obiangen erregimenak, NBEen Asanbladaren aurrean bi estatu, Erresuma Batua eta Espainia, salatu zituen. Argi dago Mannek atal hori ezagutu behar duela... eta Obiangekin trukerako duen txanpon ia bakarra dela. Torturatua izateko arriskua duela Ekuatore Ginean, esaten dute Mannen abokatuek. Ziur. Duela lau urte Mannen asmoa Obiang eta haren inguruko guztiak garbitzea zela bezain ziur.

Azkenean, beharbada, jakingo dugu zer egiten zuten Canarias eta Patiño espainiar gerraontziek Coriscoko badian egun haietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo