GARA > Idatzia > Gaurkoa

Joseba Felix Tobar-Aebulu Ingeniaria

Sormena literaturan eta zientzian

Logikan aritzen ziren askok errealitate soil eta bakar bat irudikatu nahi zuten. Orain, alta, badakigu hiru errealitate ezberdin daudela: lehena matematikoa (eta logikoa); bigarrena materiala (eta soziala); eta hirugarrena fikziozkoa (literatura, pintura, eskultura, musika... artea oro har).

Logikarien sinbologia erabiliz, x delakoa honela irakurtzen da: «x existitzen da», edo «badago x». Hiru errealitate motak kontuan edukiz, aipaturiko existentzia ez da nahiko eta, beti, horrelako zerbait gehitu behar da:

x x materia da: «badago x eta x materia da»

x x fikzioa da: «badago x eta x fikzioa da»

x x matematika da: «badago x eta x matematika da»

Mundu materialean (fisikan, kimikan, biologian) egia topatzeko metodo zientifikoa deitzen dena erabiltzen da. Ezaguna da XIX. mendetik datorkigun eztabaida, hots, ea metodo zientifiko hori aplika daitekeen mundu sozialean. Baina hori ez dugu hemen ukituko. Beste aldetik psikologian -non genetika, ingurunea eta borondate librea aritzen diren- dauden eztabaidak bukaezinak dira. Zientzia eta sormen zientifikoa aipatzerakoan, batez ere fisikan gertatzen denari begiratuko diogu, zeren aipatu nahi duguna argiago eta adierazgarriago ikus baitaiteke arlo konkretu horretan.

Mundu materialean egiak honelakoak dira: erlatiboak (arlo konkretu bati dagozkio), behin behinekoak (historian zehar, zientzialari berriek teoria berriak eta sakonagoak asmatzen dituzte), eta partzialak (gero eta hobeto ezagutzen da mundu material hori).

Fikziozko munduan egia autore konkretu bati dagokio (bera Mozart, Van Gogh, Miguel Angel, Shakespeare edo Anne Sexton izan). Autoreak nahi duena plazaratzen du.

Matematika eta logika munduan egiak absolutuak, betikoak eta osoak dira: kasu, «log 100 = 2» guztiontzako eta betiko egia osoa da. Matematikazko egiak ez dira fikzioak: guk gizakiok sorturiko mundu berezi bateko, mundu platoniko bateko egiak baizik. Mundu hori guri dagokigu, geuk ezarri ditugu mundu horren arauak eta «legeak». Halaber, mundu materialean (eta sozialean) azaltzen diren egiak ez dira matematikazko egiak bezain zehatzak. Izan ere, mundu materialeko egiak behin behinekoak baitira (garun pribilegiatu batzuek teoria sakonagoak eta indartsuagoak sortzen dituzte denboraren poderioz). Mundu materiala gugandik kanpo dago, eta bertan dauden legeak ez dagozkigu guri. (Ilargia hor egongo da, ni bizirik ala hilik egonda ere, eta lurraren inguruan biraka ariko da, guri ez dagozkigun lege fisikoen arabera). Lege fisiko, kimiko edota biologikoak deskubritzea aparteko zientzialariei eta garunei dagokie. Fikzioan, aldiz, autore konkretu batek jartzen ditu bere mugak, arauak, intuizioak, sentimenduak, nahiak, bere «mundua»...

Zientzian gugandik kanpo dauden lege objektiboak deskubritzea da helburu. Artean subjektibotasunaren araberako lana da emaitza. Matematikan gizakiok sorturiko lege objektibo berezi batzuen bitartez aritzen da.

Argi dagoenez, mundu horietan guztiotan garunak dira garrantzitsuenak. Hiru errealitate desberdin horiei, hiru sormen ezberdin dagozkie. Sormen literarioak ez dauka zer ikusirik, eta ez du behar eduki, inongo sormen zientifiko zein matematikorekin. Garun apartak behar dira hiru esparru horietan, baina eginkizunak, helburuak, eta emaitzak erabat desberdinak dira. Kasu, poesia eta zientzia bi mundu dira, bi ikuspegi, bi sormen desberdin, sormenak izan arren. Charles Snow-ek aspaldian (1959, «Two Cultures and the Scientific Revolution») salatu zuen mundu literarioan eta mundu zientifikoaren artean zegoen (eta oraingoz dagoen) jauzia. Hain handia da ezen maiz, beti ez esatearren, bi mundu horiek badirudi elkarren aurka ari direla.

Nahikoa litzateke Richard Feynman-en aipu hau: «Our poets do not write about it [science]; our artists do not try to portray this remarkable thing. I don't know why. Is no one inspired by our present picture of the universe? This value of science remains unsung by singers: you are reduced to hearing not a song or poem, but an evening lecture about it». Laburbilduz, artistek ez dute zientziari buruz abestirik, koadrorik edo poemarik egiten. Unibertsoaz gaur egun dugun irudiak ez omen ditu inspiratzen. Fisikari apartak poeta bilakatu nahi zuen, gutxienez, aipatutako hitzaldirako. Hona berak idatzitakoa: «Zutik itsasoan,/ harriduraz harrituta: ni neu/ atomoen unibertso bat/ atomo bat unibertsoan».

Beste alde batetik, zaborra nonahi agertzen da, baita mundu «intelektualean» ere. Gizarte eta giza zientzietan (edo dena delako arlo horretan) murgiltzen diren progreen, modernoen, postmodernoen eta gainerako jendilajearen hitzontzikeria nabarmena da. Hitzontzikeria hori agerian utzi behar da. Arazoa funtsekoa da.

Aspaldian ohartu zigun Orwell-ek argi idazteko garrantziaz. Idazteko era zaindu behar da, noski; baina, gauza guztien gainetik, aipatzen den edukiaz jakin behar da. Bestela, iluntasuna eta zabor intelektuala batera joan daitezke, tamalez, gure txoko honetan maizegi gertatzen den moduan. Gaixotasun horretatik ihes egiteko, eta, aldi berean, barre egiteko, ikus Sokal eta Bricmont-en «Intellectual Impostures» liburu ederra eta Sokal-en webgunea (bilatu www.physics.nyu.edu orrian).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo