GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | INAUTERIAK BERAN ETA TOLOSAN

Inude eta artzainen amodioa eta irudimenaren garaipena

Bera eta Tolosa. bi herri, bi besta ezberdin. Batean artzainak eta inudeak jaitsi ziren menditik kaletarrak beren dantza eta kantekin gozaraztera. Bertzean, hamaika pertsonaia, antzerki eta karroza izan zen, herria erabat itxuraldatuz, Tolosa irudimenaren erreinu bilakatuz.

p018_f02_194x096.jpg

GARA

Egun polita izan zuten atzo beratarrek, musikaz eta dantzaz ongi hornitua. «Bestarik inon bada, bego gure herrian/ betikua du fama, du fama ongi merezia/ bertzetan ez bezala, hemen gazteria/ amaren sabeletik dator ikasia», dio inude eta artzainen abestiak. Kantuaren errana ezin hobeki bete, eta umorez zipriztindu zituzten bazter guztiak.

Bortzirietako herri honetan, inauteriak ailegatzearekin batera artzainak eta inudeak menditik jaisten dira kaletarrak alaitzeko asmoz. Ez dira nolanahiko artzainak eta inudeak. Mozorroen bestan itxura ezohikoa hartzea izaten da lege, eta, horregatik, neskek galtza urdinak, atorra, txalekoa, txapela eta abarkak jantzi eta bizarra margotzen dute aurpegian. Mutilek, berriz, soineko laukiduna eta txirikorda dotoreak paratzen dituzte, eta makillatuta ateratzen dira etxetik, haur txiki negartiak besoetan dituztela.

Berezkoa duten erritmo bizi eta jostariaz mugitu zituzten gorputzak atzo ere, ikusleen gozamenerako. Artzainek inudeen soinekoei heldu eta dantza tentagarriak egin zituzten. Irri ajariak, umeen negar gogaikarriak eta poz oihuak nahasi ziren.

Ibilbide luzea egin zuten kalez kale, eta tarteka atseden txikiak hartu eta mokadutxoren bat jan. Dantzariek hainbat musikari izan zituzten lagun: txistulariak, akordeoilariak, tronpetariak, danborrariak eta bertze artista anitz aritu ziren Raimundo Sarriegiren doinuak jotzen. Herriko pertsonaia ezagunenak ere han ziren, geroko bazkarirako diru eskean: alkatea, mojak, epaileak, okinak... eta deabru bat. Beran ba omen zen mutil bihurri bat deabruz mozorrotu zena, eta hura oroituz, urtero-urtero ateratzen da norbait Luziferren itxurarekin.

Zubiondo jatetxean ohiko ilar gorriak eta haragia saltsan jan, eta indarberrituta atera ziren berriz ere kalera besta egitera. Momo inauterietako erregea buru zutela, artzainek eta inudeek bizitutako amodio istorio ederrak ekarri zituzten gogora dantza eta kantu zaharrekin.

Herri osoa jaiaren partaide

Beran artzain eta inudeen maitasun harremanak oroitarazten zituzten bitartean, Tolosa erabat itxuraldatu zen, bestelako mundu bihurtu zen. Egunak ziren Gipuzkoako herri honetan inauteri giroa sumatzen hasia zela, baina atzo arte ez zituzten erakutsi festazaleek hainbertzeko ilusioz prestatutako karroza eta mozorro dotoreak. Inauteriak emozio handiz bizi dituen herririk bada, hori Tolosa da, eta atzoko egun koloretsu eta bizia horren froga izan zen.

Zirraragarria da herri osoa jaien partaide dela jabetzea. Balkoiak oihal laranja, gorri edo urdin distiratsuz apainduta daudela ikustea; familia guztiek besta elkarrekin egitea, haur txikiekin eta aiton-amonekin ere bai; hamaika koadrila elkartzea, denetarikoak, handiak eta txikiak. Giro horretan sartzean zeu ere partaide sentitzen zara, nahiz eta mozorroturik ez egon edo Tolosakoa ez izan.

Goiz ekin zioten parrandari, 8.00etarako baitzegoen iragarria diana, Gorriti plazan. «Jaiki, jaiki ohi hortatik tolosarrak iñauterik beti», kantatu zuten pijama soinean zutela. Ondotik, txistulari bandak ohiturazko ibilbidea eginez, Inauterietako Zortzikoa jo zuen eta hamarretan, txarangak atera ziren giro beroa are gehiago berotzera. Izan ere, jaietan haize hotza ez baita gorputzean sartzen, edo, hobeki erran, sartu arren ez baita sentitzen. Karroza eta konpartsen desfilean denetarik izan zen: errepide seinaleak, torero eta zezenak, ile-apaindegiko bezero pinpirinak, mamu harrapatzaileak, eliztarren manifestazioak «Sexu bereko familiarik ez» kartelekin, kobazuloetako sorginak... Irudimena izan zen bertze behin ere garaile Tolosan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo