GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Urrezko aizkora

Aierbe II.ak eta Arrospidek iragarpenak bete dituzte Urretxun

GARA | URRETXU

Binakako Urrezko Aizkoran, helduen final-laurdenetako azken saioa jokatu zen atzo Urretxun. Aierbe II.ak eta Arrospidek, Ugarteburu eta Azurmendi bikotearen aurka neurtu zituzten indarrak, eta, espero bezala, lehenengoak izan ziren garaile.

21 minutu eta bost segundotan amaitu zuten lana irabazleek. Ugarteburu eta Auzmendik, aldiz, 50 segundo gehiago behar izan zituzten, 21 minutu eta 55 segundotan burutu zuten jarduna.

Ez zen ezustekorik izan atzo Urretxun, gehienbat, Arrospidek saihestu zituelako. Leaburukoak maisutasuna erakutsi zuen, enborra zutik zela batik bat. Ondorioz, faboritoek aldea handitzeari ekin zioten, txanda libreko ekinaldira minutuko abantailaz iritsi arte.

Behin azken probara iritsita, bikote irabazleak minutu hori erabili zuen estutasun larregirik gabe final-laurdena aurrera ateratzeko. Ugarteburuk eta Azurmendik, berriz, zeukaten guztia eman zuten egoerari buelta ematearren; azken proba beren aldekoa izan zen, baina ezin izan zioten minutu horri aurre egin.

Gazteen mailan, ostera, Alkizalete IIak eta Mugerza III.ak finalerdietarako txartela eskuratu zuten Rodriguez eta Kañamaresi irabazita.

Datorren igandean Getxon

Ondorioz, gipuzkoarrek aurrera egitea lortu dute, eta bigarren finalerdian Daniel Vicente eta Lopez Azpilikueta izango dituzte aurkari.

Aurrenekoa, aldiz, datorren igandean jokatuko dute Getxon. Larretxea eta Atutxa II.ak Nazabal eta Mugerza II.aren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Getxoko ekitaldia 12.15ean hasiko da, eta Urrezko Aizkorako finalerdiaz gain, Inaxio Perurenak marka saiakera egingo du: esku bakarraz 230 kiloko harria jasotzen saiatuko baita leitzarra.

Goma gaineko sokatirari dagokionez, Abadiñoko taldea Herbeheretara gonbidatu dute. 600 kilotan irabazle atera ziren bizkaitarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo