Abbadia gazteluak bigarren gaztaroa lortu du 11 urteko lanen ondotik
Joan den ostiralean Hendaiako Abbadia gaztelua osoki berriturik bisitari ireki da berriz. Hamaika urteko zaharberritze lanen ondoren, Antoine Abbadia zientzilari, euskaltzale eta Hendaiako alkate ohiaren gaztelu harrigarriak bigarren gaztealdia gozatu ahal izango du, bai eta bisitariak bere edertasunarekin gozarazi ere.
Eneritz ZABALETA | HENDAIA
Izerdi tanta, pazientzia, fede ona eta diru anitz behar izan da guztia posible bihurtu ahal izateko. 11 urte eta 2,5 milioi euroko lanen ondotik, Hendaiako Abbadia gaztelua erabat berriturik bisitatzen ahal da. Ostiralean ireki zuten berriz gaztelu erreberritua bisitentzat. «Mende bateko bizitza eta gorabeheren ondotik, gaitzeko lana genuen parean orain 11 urte erreberritzea hasi genuelarik», dio Frederic Soulu Abbadiako gazteluko administrariak. Ez dira gutxi izan, urte hauetan guztietan egin beharreko lanak: «Gaztelua hezetasunetik eta haizetik babestu behar izan dugu. Eraikinaren instalazio elektriko osoa berriz egina izan da. Ordulariak eta bestelako tresnak konpondu dira. Altzairuzko piezak eta margoak konponduak izan dira, eta ezin izan delarik bestela egin, garaian bezala kopiatuak izan dira...». Lan eskerga benetan.
XIX. mendean astronomo, euskaltzale eta Hendaiako alkate izandako Antoine Abbadiak eraikitako gazteluari denboraren joanak kalte dezente eragin zion. «Gaztelu hau Abbadiaren bizitzako proiektua izan zen. Behin eraikita, bizitzeko erabili zuen, bai eta bere ikerketa astronomikoak egiteko. Haren heriotzaren ondotik ere ikerketa gune izaten jarraitu zuen. Mende batez gune bizi bat izan zen, eta bizitasun hori larrutik ordaindu zuen gazteluak», dio Souluk.
Garaiko teknikak
Egitekoen zerrenda luzea izanik ere, 11 urte anitz da, eta denbora horretan guztian, gaztelua zatika irekita gelditu da: «Gazteluan lan egin duten artisauen lana txalogarria izan da. Gure hautua, lanek aurrera egin bitartean, bisitekin jarraitzea izan da. Ondorioz, bisitariek artisauak lanean ikusten zituzten, eta elkar trukea garatu da 11 urtez». Emaitzarekin ere oso gustura dago Soulu: «Lanen ondotik, badirudi obrak oharkabean gazteluaren historiatik pasatako parentesia bat izan direla. Txun- dituta nago». Horretaz gain, lanek aurrera egin ahala, egunero gazteluaren beste aurpegi bat deskubritu omen du Souluk: «Gazteluak altxor anitz zituen gordeta. Urtez urte etortzen zaizkigun bisitariek ere sentsazio bera izan dute. Batzuetan, beste leku batean zegoelako irudipena ere bazuen batek baino gehiagok».
Nahiz eta lanak aitzina joan ahala gazteluak beste aurpegi bat azaldu, Souluk zehaztu digunez, Abbadiaren erreberritzea egitean, helburua, gazteluak XIX. mendean zuen itxura errespetatzea izan da: «Artisauek garaiko lan teknikak erabili dituzte erreberritzean. Gela batzuk aldaketak izan dituzte denborarekin. Guk bilaketa lanak egin ditugu, ahalik eta zehatzen jakiteko XIX. mendean, hau da, Antoine Abbadia bertan bizi zen garaian, gazteluak zuen itxura zein zen».
Borondate hori bereziki nabari da gaztelua ikustean. Horrela, argiei dagokienez, espresuki errespetatutako iluntasuna du gaztelu barneak. Gela batzuk ere itxuraldatu behar izan dira, XIX. mendean zuten estiloa eta koloreak berriz atzemateko. «Ororen buru, denboraren ximurrak jan», beraz, azal gazte-gazte batekin dago berriz, Antoine Abbadiaren gaztelua.
Hendaiako Abbadia gazteluko zaharberritze lanak 1996an abiatu ziren. 11 urte hauetan erabat gaztetu dute gaztelua, eta orotara, 2,5 milioi euroko inbertsioa egin dute.