GARA > Idatzia > Musika

Disko Berriak Aritz Sound System

Zapore desberdinez osatutako bitxia

p058_f01_32x32.jpg

Bitxia da «Yellow Gauze». Azken urteotan oso ohikoa bilakatu da musika estilo desberdinekin osatutako lanak kaleratzea. Aukeratutako osagaiek eta osagai horiek elkartzeko moduak berezia egin dute disko hau. Disko honetako protagonistak Bibi Tanga eta Le Professeur Inlassable izeneko pertsonaiak dira. Lehenengoa, Gambian jaioa baina oso txikitatik Parisen hezia, abeslaria eta musikaria da (gitarra, baxua eta saxoa jotzen ditu). Bigarrena, berriz, Estatu frantsesean jaioa, disko jartzaile eta ekoizlea, 2004. urtean «Leçon Numéro Un» diskoa kaleratzeagatik da ezaguna. Bibi Tanga Le Professeur ezagutu aurretik Malka Family izeneko taldean aritu zen afro-funk estiloan. Jaso dituen eraginen artean Curtis Mayfield, James Brown, Sly Stone eta, bereziki, Fela Kuti aipatzen ditu. Horrelako maisuak izanda, ez da zaila abesteko garaian jorratzen dituen estiloak asmatzea eta, hala ere, diskoko kantu gehienetan abesteko era desberdinekin jokatu du; funk edo soul estiloan batzuetan, rap erara besteetan eta baita olerkari moduan, spoken word estiloan, olerkiak errezitatzen kantu batzuetan. Abestiak ingelesez, frantsesez eta sangho afrikar hizkuntzan kantatzen ditu. Musikari dagokionez ere aberastasuna da nagusi; jazza, soula, funkia, gospela eta erritmo elektronikoak, guztia zinemetako filmen eta afrikar erritmoen ukituekin estalia. Behin baino gehiagotan entzun beharreko diskoa da eta entzunaldi berri bakoitzean zapore berria aterako diogu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo