GARA > Idatzia > Kultura

«`Zanpatuen oroimina' orain arte ezkutuan egon dena azaleratzeko liburua da»

p047_f01_199x116.jpg

XABIER PORTUGAL

«Pasaia 1931-1939-Zanpatuen Oroimina»ren egilea

«Pasaia 1931-1939-Zanpatuen oroimina» da Xabier Portugalek plazaratu berri duen liburua; gaztelaniaz, elebitan argitaratu baitute, «La memoria de los vencidos». Orain arte «ezkutuan izan dena azaleratzea» du helburu eta, horregatik, Gerra galdu zutenak bihurtu ditu protagonista, «ez bereziki goraipatu nahi ditudalako -ohartarazi du alkate ohiak-, haien testigantzaren berri eman nahi dudalako baizik».

Martin ANSO | PASAIA

Azkenaldion, Gerra garaiko gertaeren inguruko kezka eta jakin-min handia sumatu da herritarren artean. Hori dela-eta, Pasaiako Udalak, «Sorginarri» historia bildumari begira, liburu bat eskatu zion Xabier Portugali, eta honek, urtebetez gogor jardun ondoren, burutu du lana.

«Berehala konturatu nintzen -adierazi dio GARAri- Gerran gertatutakoa ulertzea ezinezkoa zela aurretik gertatutakoa ezagutu gabe. Horregatik, nire kronikak hamarkada osoa hartzen du, eta kontuan hartu ditudan gertaerak gehienbat sozio-politikoak izan badira ere, kultur edo kirol alorrekoei ere tarte bat egiten saiatu naiz. Esaterako, urte haietan sanpedrotarrek Kontxako bandera sei aldiz jarraian irabazi zutela gogorazi dut eta Aita Donostiak Pasaiako Schola Cantorum-i buruz idatzi zituen artikuluak berreskuratu ditut».

Baina, esan bezala, gertaera sozio-politikoak dira nagusi. «Kontuan izan behar da -esan du Portugalek- mende hasieran metalgintzan ziharduten hainbat lantoki ezarri zituztela Antxon. Txintxerpe, berriz, Galiziatik etorritako arrantzale eta marinelez bete zen. Oso epe laburrean laukoiztu egin zen populazioa. Bizi eta lan baldintzak kaxkarrak ziren oso, eta borrokak sarri gertatzen ziren. Horra, adibide moduan, Txirritak 1919ko grebari buruz jarritako bertsoak. Sindikalgintzan, anarkistak ziren nagusi».

Nahiz eta ezkerreko sektoreek pozarren hartu zuten Errepublikaren aldarrikapena, horrek ez zuen ekarri, ezta hurrik eman ere, arazo guztien konponbidea. Errepublika ezarri eta hilabetera, maiatzaren 27an, «Ogia gure seme-alabentzat» eskeka Donostiarantz zihoan arrantzale talde bat tiroz hartu baitzuen Guardia Zibilak Ategorrietan. «Zazpi izan ziren hildakoak eta hogei bat zaurituak; guztien izenak bildu ahal izan ditugu», nabarmendu du Portugalek.

1934an, Asturiasko Iraultzak eragin handia izan zuen Pasaian, baita «Ardoaren Gerra» deritzanak ere, bigarren hori gaur egun oso ezaguna ez bada ere. «Gobernu eskuindarrak -argitu du liburuaren egileak- ardoaren eta beste zenbait produkturen gaineko udal zergak ezabatu zituen. Sekulako kolpea izan zen udal ekonomientzat. Negoziazio batzorde bat eratzeko udalbatzak egin zituzten hainbat herritan, baina Gobernuak debekatu egin zituen. Pasaiako alkatea, Euskal Herriko beste 69 alkaterekin batera, plenoan bertan zegoela atxilotu zuten. Horren ondorioz, dimitu egin zuten zinegotzi guztiek».

1936an, berriz, pasaitarrak lehen unetik bertatik egon ziren aurreneko lerroan, bai Aiako Harrian, Beorlegiren tropei aurre egiten, bai Donostian. Honi dagokionez, zera gogorazi du Portugalek: «Pasaian bazen gerraontzi bat, Torpedero nº 3 izenekoa; arrantzontzi bat hurbildu zitzaion, gasoila hartzera zihoan plantak eginez, eta, paretik pasatzean, hainbat arrantzalek abordatu zuten. Gerraontzi hori erabakigarria izan zen Donostiako kasinoan eta Maria Cristinan gotortuta zeuden matxinatuak mendean hartzeko».

Frankistak Pasaian sartu zirenean, berriz, inor gutxi geratzen zen herrian. «Askok eta askok Bilbo aldera ihes egin zuten Pysbeko bakailao-ontzietan, gero Agirreren Gobernuak armatu zituen bou berberetan, Matxitxakoko borrokan Canarias-i aurre egin zioten haietan, alegia».

Portugalek dakiela, herrian bertan ez omen zen fusilamendurik izan, baina fusilatu pasaitarrik izan zen, jakina. «Normalean Ondarretako kartzelara zeramatzaten; gero, hortik atera eta Hernaniko hilerrian edo Bidebietako tiro eremuan botatzen zituzten».

Errepresioa izugarria izan zen, baita gerraostean ere. Horren lekuko da Portugalek Udal Agiritegian aurkitu duen «Zerrenda beltza». «Frankistek, alderdiz alderdi (Izquierda Republicana, PNV, ANV, Partido Socialista...), militante zerrenda bat osatu zuten. Gero, lantokietan galdetzen zuten pertsona horietako bakoitzaren soldata zenbatekoa zen eta, horren arabera, banaka-banaka, pertsona horiei isunak jartzen zizkieten. Pasaiako zerrendan 841 izen agertzen dira. Atera kontuak». Portugalek ohartarazi duenez, zerrenda beltz hauek Gobernuaren dekretu bati jarraituz osatu zituzten. Beraz, udaletxe askotan egongo dira, nonbait gordeta, horrelako beste batzuk.

Gaur, aurkezpena Trintxerpen

«Beltza» ez da liburuan ikus daitekeen zerrenda bakarra; badira beste batzuk ere. Horietako bi dira, alde batetik, hildakoena -102 lagun, izen eta abizenez- eta, bestetik, gudari, miliziano edota beren militantziagatik epaituak izan zirenena -1.374 lagun-. Kontuan izan behar da garai hartan pasaitarrak 10.000 ere ez zirela. «Zerrendok behin-behinekoak dira -nabarmendu du egileak-. Seguru asko hemendik aurrera, liburua kalean dagoela, jende gehiago etorriko zait datu berriak eskainiz. Datu horiek bigarren argitalpenean kontuan hartuko ditugu».

Frankistek hildakoak, zigortuak, Gurs-en preso egondakoak, Europako hainbat herrialdetara babes bila eramandako haurrak... horiek dira Portugalek idatzi duen liburuaren protagonistak. Horregatik «Zanpatuen oroimina» da izenburua. «Nik ez dut inolaz ere `Pasaiatarrak Gerran' edo horrelako libururik egin nahi izan. Hemen ez da agertzen ez falangistarik, ez erreketerik; ez onerako, ez txarrerako. Nik hasieratik egin nahi izan dut orain arte ezkutuan egon dena azaleratzeko liburu bat. Ez bereziki Gerra galdu zutenak goraipatzeko, haien testigantza emateko baizik».

Liburuan dokumentazio lan eskerga dago, baita alor grafikoan ere. Argazki asko, pasaitarrek beraiek emanak, orain arte inoiz argitaratu gabeak dira.

Aurkezpena atzo egin zuten Pasai Antxon eta gaur egingo dute Trintxerpeko Alkateordetzan, 19.30ean. Otsailaren 12an eta 13an San Pedroren eta Donibaneren txanda izango da, hurrenez hurren.

 

HAMARKADA OSOA

«Berehala konturatu nintzen Gerran gertatutakoa ulertzea ezinezkoa zela aurretik gertatutakoa ezagutu gabe. Horregatik, nire kronikak hamarkada osoa hartzen du»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo