GARA > Idatzia > Eibar

Raul Garciaren hutsuneak ezker hegalekoaren hautaketa zailduko du

GARA | EIBAR

Orain arte Ligako minutu guztiak jokatu dituen jokalari armagin bakarrak, Raul Garciak, bere bosgarren txartel horia jaso zuen joan den larunbatean, Donostian. Ondorioz, atzelari hernaniarrak ezin izango du asteburu honetan Celtaren aurka jokatu.

Gipuzkoarraren hutsuneari, eskuina izanik ezkerraldean aritu dela, Dani Martino eta Manel Menendezen arazo fisikoak gehitu behar dizkio Mandiolak. Izan ere, horiek izango bailirateke Garciaren postua bete beharko luketen jokalariak.

Egoera ikusita, baliteke entrenatzaile eibartarrak harrobiko taldeetan diharduen Beñat Larrañaga gazteari debuta egiteko aukera ematea. Dena den, ezker hegaleko arazoak ez dira Mandiolak atzealdean dituen arazo bakarrak. Jon Urzelai zentralak masaila hautsi baitzuen Realaren kontrako norgehiagokan, eta jokalari txantxikuarra osatzea eragotzi ahal duen inolako arriskurik ez du hartu nahi prestatzaile gipuzkoarrak. Bestalde, zelai erdira begira, Mandiolak berri pozgarriak ditu. Izan ere, eibartarrak David Zurutuza eta Albert Yagüe jokalariak jokatzeko gertu izango baititu. Erdilari lapurtarrak, Badiolak hitzez eskaini egin bazion ere, ezin izan zuen kontratuz Anoetan jokatu.

Era berean, zelai erdirako Jose Zamora erabiltzeko aukera ere izango du Mandiolak. Eibartarren azken fitxaketa da bera, eta Gipuzkoara itzuli da 19 urtetik beherako espainiar selekzioarekin egon ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo