GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek eta Avironek partida erosoak dituzte

Zuri-gorriek derbia izango dute, izan ere, Akize izango baitute aurez aurre Agilera estadioan. Zuri-urdinek, aldiz, Castresen zelaian jokatuko dute. Bi taldeak, sailkapeneko beheko postuetan daude

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Top 14ko bi euskal taldek berriro ere aukera paregabea izango dute garaipena erdietsi eta goiko postuetan jarraitzeko. Biarritzek Akize hartuko du etxean, eta Castresen jokatu beharko du Aviron Baionakoak.

Biarritzek derbia jokatuko du gaur 15.00etatik aurrera Agilera estadioan, Akize hartuko baitu. Landesetako taldea Lapurditik oso gertu dago, eta haiek Euskal Herrian jokatzen dituzten partida guztiak derbiak izaten dira, Akizetik jende asko etorriko baita. Hori gutxi balitz, Akizek azken urte hauetan Biarritzen jokatu duten jokalari ugari dituzte, eta horrek berak ere erakargarritasuna pizten du, edo, interesa gehitu behintzat egiten dio.

Biarritzentzat partida garrantzitsua izango da gaurkoa. Laugarren jartzeko aukera dute, eta, zaila izan arren, bigarren sartzeko aukera ere izan lezake. Baina hortik behera geratzea ezin du baztertu; gaur galtzea kolpe gogorra litzateke horri begira.

Denboraldi honetako lehen derbia irabazi egin zuten Baionan, eta bigarrena etxean jokatuta, ez dute galdu nahi. Gainera, Biarritz ez dago ezer oparitzeko moduan. Liga hasiera makala egin dute, eta zaleak nahiko haserre ere badabiltza, eta orain ez dute hutsik egin nahi, gaur irabazteak min handia egingo bailie.

Dena dela, azkenaldian, taldea sendotu egin da atzean, eta aurrera begira entseguak egitea kosta egiten baldin bazaie ere, azken jardunaldietan talde itxura hobea du Biarritzek.

Jokalariei dagokienez, Biarritzek jadanik eman du ezagutzera gaurko hamabostekoa; honako hau izango da: Balan, August, Lecouls, Thion, Couzinet, Betsen, Malonga, Harinordoki, Dupuy, Peyrelongue, Marlu, Bosch, Faafali, Bidabe eta Thierry. Noirot, Coetzee, Cariza, Creevy, Yachvili, Willemse eta Lison, aulkian geratuko dira.

Baiona

Avironek ere aukera ederra du seigarren postutik gora egiteko, Castresen zelaian jokatuko baitu, 15.00etatik aurrera. Frantziarrak sailkapeneko beheko postuetan daude, eta zuri-urdinek kanpoan itxura hobetzeko aukera ederra dauka.

Aviron ez dabil ongi etxetik kanpo. Jeaan Dauguerren partida bikainak egin ditu, itxura ezin hobea eman du, Biarritzen aurkako partidan izan ezik, baina, gainerakoetan, oso ongi ari da. Lapurdiko hiriburutik kanpo, ordea, ez dabiltza horren fin, nahiz eta orain arte zuri-urdinek egin duten lanak ez duen inongo aitzakiarik. Ez da ahaztu behar, talde honen helburua mailari eustea dela, eta une honetan atzeko postuak baino, lehen postuak askoz ere gertuago ditu; hori gauzak ongi egiten ari diren seinale argia da.

Etxetik kanpoko bolada txar horri amaiera emateko aukera ederra izango du gaur, aurkaria ahul ari baita, eta hori aprobetxatu beharko lukete garaipena erdiesteko. Irabaztea lortuz gero, lapurtarrek badute laugarren postuan sartzeko aukerarik, nahiz eta horretarako, sailkapenean aurretik dituen taldeek beren norgehiagokak galdu beharko lituzketen.

Aviron atzo heldu zen Castresera. Entrenatzaileak ez du oraingoz ezagutzera eman aterako duen hamabostekoa. Deialdian, 24 jokalari daude, eta bik harmailetan geratu beharko dute. Honako jokalari hauek joan dira Castresera: Hegi, Fiorini, Kapalioni, Roumieu, Lafont, Iginiz, Lafitte, Elgoilhen, Bergez, Tewhata, Deen, Bernard, Marmouyet, Massabeau, Salle Canne, Lopez, Edmonds, Larretxea, Dourthe, Lhande, Vermis, Gerber, Elhorga eta Peyras.

Arriskua

Akize jaitsierako postuetan dagoen arren, oso arriskutsua izan daiteke, elastiko zuri-gorria jantzitako jokalari ugari baititu Landetako taldeak; garaipenaren bila helduko dira Biarritzera.

Aukera ona

Aviron ez dabil ongi etxetik kanpo; bestelako itxura ematen du, baina irudi hori apurtzeko aukera paregabea izango du gaur Castresen aurka. Irabazteak, gainera, laugarren postuan kokatzeko ere balio liezaioke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo