GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Oihana Etxebarrieta Legrand eta Asier Lauzurika Arrondo UPV-EHUko Ikasle Kontseiluko idazkaria eta presidentea, hurrenez hurren

UPV eta «metodologia aurrerakoia»

Pedagogia aurrerakoia borra extensiblearena! Ez dago legeztatuta horrelakorik erabiltzea, noski, baina hain zarete aurrerakoiak zuek, non aurrera jarraitzen duzuen zuen metodoarekin

Pozik gaude UPVk berriro ere erakutsi duelako zein tolerantea eta parte hartzailea den. Eztabaidari eta hitzari ematen dioten garrantzia argi geratu da berriro ere. Txalotzeko modukoa da pasa den asteko Klaustroan izan zuen jarrera. Zorionak! Ikasleon hitza errespetatzen duzuela argi utzi duzue. Unibertsitate parte hartzaile baten eredua erakutsi duzue. Bologna prozesuaren aurrean daramazuen ibilbidea primeran egindakoa da; komunitate unibertsitarioari galdetuz, informatuz, eztabaida zabalduz, inongo inposaketarik gabe... Zorionak! Berriro ere erakutsi duzuelako zein «metodo» erabiltzen duzuen zuen unibertsitateko ikasleak norabidetzeko. Pedagogia aurrerakoia borra estensiblearena! Noski, ez dago legeztatua horrelakorik erabiltzea, baina hain zarete aurrerakoiak zuek, non aurrera jarraitzen duzuen zuen metodoarekin. Irakasle kualifikatuak ere kontratatu dituzue: segurtasun indar pribatuek oso ongi pasatzen dute unibertsitateko ikasleak norabidetzen. Haiek jipoitzea da erabiltzen duten metodologia aurrerakoia. Batzuetan, ez da nahikoa izaten beraien lana ikasle batzuk bide txarretik doazelako, eta horretarako kanpoko indar polizialen laguntza eskatzen du unibertsitateak. Txalotzeko modukoa, unibertsitatean, eremu kritiko izan beharko lukeen honetan, indar polizialek duten presentzia. Ez dadila inor bidetik atera! Bologna prozesuarekin hori da lortu nahi dutena, denok bide beretik lantegi prekarioetara bidaltzea. Badago hori nahi ez duen ikaslerik. Hark zituen baliabideekin UPVk hasieran hartu zuen sekretismo bidea puskatzen saiatu zen. Horretarako ikaskideei informazioa luzatu zien, esfortzu handiak egin zituen Bologna zer den azaltzeko. Horren aurrean UPV bere informazioa kaleratzera behartuta sentitu zen, eta «egiaz» betetako propaganda banatu zuen. Eskerrik asko benetan gu «egian» hezteko hartzen duzuen esfortzuagatik. Ondoren, ikusita ikasleak ez zeudela gustura haien propaganda erabat neutralarekin, bide berri bat arakatzeari ekin zioten, «pedagogia iraultzailea»: errepresioa.

Hori da azkenaldian unibertsitateko eguneroko ogia. Indar polizialak unibertsitatean lasaitasun osoz ibil daitezke. Hala ere, ez dira bakarrak. Unibertsitateak berak kontratatutako segurtasun pribatua daukagu. Azkeneko Klaustroan ikusi zen zein langile finak diren unibertsitateko kideak defendatzen. Arautik at dauden borrak ikusi ditugu irudietan, segurtasun pribatuko kide bat geldi-geldi zegoen ikasle bati ostikoka ikusi dugu, ikasleak lurretik ikusi ditugu, klaustroko kide diren ikasleak kanporatuak... Horretarako sortu dute araudi berria, hau guztia unibertsitatean zilegiztatzeko. Ze unibertsitate eredu da hau? Nortzuk dira erradikalak eta biolentoak? Zuek horrela deitzen dituzue ikasleak, baina barkatu atrebentzia, zalantzan jartzen dugu. Jipoituak direnak al dira biolentoak? Onar ezazue zuek zaretela metodo errepresibo eta biolentoak erabiltzen dituzuenak. Zuek zarete ikasleak jipoitzen dituzuenak. Zuek zarete ikasleak kriminalizatzeko araudi berria sortu duzuenak. Zuek, eta ez ikasleak, zarete biolentoak.

Klaustroan gertatutako jazarpena salatu nahi dugu. Ezin dugu onartu. Ez dugu inoiz onartuko ikasleen kontrako inongo erepresio motarik: ez agerikoak (Klaustrokoa, adibidez) ez eta ezkutukoak ere (araudi berria). Ez dugu onartzen unibertsitatean indar polizialen presentzia. Eta hemendik, UPV-ri exijitzen diogu azalpenak eman ditzala jarrera pedagogiko berri honi buruz. Azalpenak eman ditzala ikasleen aurka egin zuenaz.

Errektore taldeari mezu argi bat: ez zuen kolore desberdinetako txakurrek, ez eta inposatutako erreglamanduek ez dute lortuko ikasleon hitza isilaraztea! Ikasle borrokaz lortuko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo