GARA > Idatzia > Alaves

Sevilla dator Mendizorrotzara

Zailtasuna handia, baina Alavesen premia, handiagoa

Alaves maila galtzeko postuetan sar daiteke gaur arratsaldean Sevillaren aurka garaipena lortu ezean

p046_f01_148x100.jpg

ALAVES - SEVILLA

GARA | GASTEIZ

Joan den larunbatean liderra, eta gaur, denboraldiko ezustea. Zailtasuna ez da murrizten, eta are gutxiago, Alavesen premia.

Urteko lehen partidan Racing de Ferrol gainditu zuenetik, talde zuri-urdinaren ibilbidea zailtasunez beterikoa izan da. Azken lau jardunaldietan, hain zuzen, puntu bakarra eskuratu du, eta horrek amildegiaren ertze-ertzean, jausteko zorian utzi du. Izan ere, Alaves maila galtzeko postuetan jar daiteke jardunaldia bukatzerako, gaur arratsaldean garaipena lortu ezean.

Zoritxarrez, ez da erronka batere erraza, Bigarren Mailan ustekabe ederra eman duen taldea baitator Mendizorrotzara. Denboraldi ikusgarria egiten ari da Sevilla Atletico igo berria. Hasiera-hasieratik sailkapenaren goialdean izan da, eta egun ere, halaxe, igotzeko postuetan, dago. Gainera, andaluziarrek puntu gehiago lortu dituzte etxetik kanpo beren zelaian baino.

Hainbat aldaketa egingo du Josu Uribek, Sevillari aurre egiteko baino, lesioek ezinbestean behartuta. Horrela, Coromina eta Cabrera taldetik eta deialditik kanpo geratu dira; Sergiok ere aulkian hasiko du norgehiagoka. Beren ordez, Edo Alonso, Mateo eta joan den larunbatean lehen minutuak jokatu zituen Jairo arituko dira hasieratik.

Aldaketa deigarriena, hala ere, deialdiari dagokio, Mena eta Nacho Garro kanpoan utzi baitzituen Josu Uribek, eta Igor eta hainbat hilabetetan jokatu ezin izan duen Miguel Perez deitu.

Bestetik aipatu beharrekoa, entrenatzaile zuri-urdina zurrumurru guztien protagonista bilakatzen ari dela azkenaldi honetan berriro ere, taldearen egoera txarra dela-eta. Denboraldi hasieran gertatu zen bezala, batek baino gehiagok kolokan ikusten du Uriberen burua. Entrenatzailea ez da iritzi berekoa. «Nik nabaritzen dudan gauza bakarra, taldea salbatzeko lan egin behar dudala da, eta, nire ustez, ni naiz neure burua zalantzan jartzen duen bakarra. Nire helburua taldea orain dagoen maila berean uztea da, eta ziur nago lortuko dugula», nabarmendu zuen.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo