GARA > Idatzia > Kultura

«Eñaut Elizagarai» pastorala, «making off» eta guzti, Sü Aziaren eskutik

Joan den udan Gamere-Zihigan jokatu zuten «Eñaut Elizagarai» pastoralaren DVDa, nolabaiteko «making off» eta guzti, plazaratu berri du Sü Aziak. Elkarteko kide Battitta Guiressek aurkeztu zuen atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, aldean Jose Mari Otermin ETBko programazio zuzendariordea zuela. «Pastoralaren filma» ez ezik, hainbat extra ere biltzen ditu DVDak. Gamereko eta Zihigako herritarren parte hartzea erabakigarria izan da.

p055_f01_148x092.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Iazko pastoralak Armendaritzeko seme bat izan zuen sujeta, Eñaut Elizagarai, Louis XIV.arentzat arrakasta handiz lan egin zuen itsasontzigile handia. Gizon horren biografiatik abiatuta, Junes Casenave-Harigilek pastoral bat idatzi eta, Jan-Pierra Rekalt errejentaren aginduetara, Gamereko eta Zihigako herritarrek jokatu zuten uztai- laren azken igandean eta abuztuaren lehenengoan. Jokaldi hori eta horren ingurukoa biltzen ditu Sü Azia elkarteak plazaratu berri duen DVDak.

Egia esan, ez da DVD bakarra, bi baizik. Lehenengoan pastoralaren «filma» ikus daiteke, ETBk grabatu bezala (guztira, 3 ordu eta 20 minutu), eta bigarrenean, berriz (DVD-ROMa da), hainbat gehigarri, guztiek batera «making off» halako bat osatzen dutenak. «Pastorala antolatzen delarik, bada jende aunitz filmak edo argazkiak hartzen dituena; horiekilan, film eta diaporama ttipi zonbait egin ditugu», esan zuen Battitta Guiressek. Horrez gain, pastoraleko ohiko talde-argazki estatikoa hobetzeko modua aurkitu dute: «Arizaleen argazki handi hori ez da aski, urte zonbaiten buruan jendeak ez baitaki nor den nor; horregatik, DVD-ROMean, argazkian agertzen den arizale bakoitzaren gainean gezia ipintzen delarik, izena, pastoralean duen kargua eta Gamere-Zihigako zein etxetakoa den azaltzen da».

Pastoralaren testu guztiek eta beste hainbat extrek ere osatzen dute hemendik aurrera hainbat dendetan edota suazia.com webgunearen bidez eros daitekeen produktu berri hau.

«Eñaut Elizagarai» ez da Sü Aziak pastoral bati buruz egiten duen lehen DVDa. Guiressek gogorazi zuenez, «duela lau urte, Mauleko pastorala antolatua izan zelarik, aspaldidanik genuen ideia gauzatu zen. Nahi genuen, pastoralaren filma nolabait guk ere gure gisa antolatu. Harremanetan sartu ginen ETBrekilan ikusteko zerbait egin ahal genuenetz. Gure ideia zen euskal telebistaren filmaren kalitateaz baliatzea eta horren gainean beste lan bat egitea». Horrela izan da azken urteotan, huts egin gabe, eta, jakina, gero eta biribilagoak dira elkarteak ekoizten dituen DVDak.

ZUBEROARI LEIHO

Handia da Sü Aziak egiten duen lana. Zuberoako euskal kulturari begira, leiho irekia da www.suazia.com webgunea.

«Ez dugu inoiz eztabaidatzen pastorala grabatu behar den ala ez»

Dagoneko hamazazpi dira Euskal Telebistak grabatu dituen pastoralak. «Egia da -esan zuen Jose Mari Otermin programazio zuzendariordeak- pastoralaren mundua ez dela egungo telebista kontsumo-moduei erraz egokitzen, baina hor beste faktore bat hartu behar da kontuan. Jakin nahi nuke nik euskal kulturak urtean zehar noiz biltzen dituen 3.000, 4.000 edo 5.000 lagun, pastoral batek biltzen dituen bezala. Alde horretatik, ETBri ezinbestekoa zaio pastorala ematea, gure kultur egutegian garrantzitsua baita. ETB barruan hainbat proiektu mahai gainean jartzen dira eta batzuek aurrera egiten dute eta beste batzuek ez. Baina inoiz eztabaidatzen ez duguna, pastorala grabatzea da». M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo