Eskubide guztiak, ahots guztiak. Ilegalizaziorik ez
IOSU BALMASEDA eta BELEN ARRONDO | ESKren eta STEE-EILASen izenean, hurrenez hurren
Espainiako Gobernuak EAE-ANV eta EHAK alderdi politikoak legez kanpo uzteko erabaki politikoa hartu ondoren, egunotan epaiketa janzkera eman nahi diote legezko itxura batez saltzeko. Sasi epaiketa hauek justiziaren politizazioaren adierazle argiak dira berriro ere eta Alderdien Lege antidemokratikoaren ondorio zuzenak. Batasuna legez kanpo uztea lortu zutenez, orain nahikoa dute harekiko nolanahiko loturak frogatzea, aldez aurretik antolatu duten prozesu politiko-judiziala eta mediatikoa aurrera eramateko.
Honek gogora dakarkigu eskolan ikasi genuen «propietate iragankorra», hau da, a=b eta b=c; beraz, a=c. Baina maltzurki erabilita. Nahiz eta hasierako premisa, «dena da ETA», faltsua eta ulertezina izan, behin onartuz gero, jarraian edozein helburutara iristeko tresna baliagarria bihurtzen da, amaierarik gabeko kate batean.
Erabaki antidemokratiko hauek PSOEk zein PPk egunetik egunera euskal hiritar gehiagoren eta zenbait erakunderen aurka burututako erasoaldi politiko-judizial luze baten urrats bat gehiago dira, eta hauteskundeen aurrean daramaten lehia zoroaren baitan kokatu behar dira, eskubide politikoak murrizteko erakustaldi horretan bata bestea baino gogorragoa dela agertu nahian.
Testuinguru honetan, Fiskaltzak, Entzutegi Nazionalak eta abarrek, Espainiako gobernuaren aginduz, milaka euskal hiritarren zenbait oinarrizko eskubide –adierazpen, manifestazio eta elkartzeko askatasuna– bahitzeaz gain, ordezkaritza politikorik gabe utziko dituzte.
Egoera politikoa larritzen ari den egunotan ESK eta STEE-EILASek berretsi egin nahi dugu euskal gatazkaren konponbiderako hiritarron eskubideak murriztea ez dela bidea. Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko alde anitzeko elkarrizketa inoiz baino beharrezkoagoa da. Gure gizarteak bide zibil eta demokratikoak jorratuz eman behar ditu urratsak, non eskubide guztiak eta ahots guztiak aintzat hartuko diren, indarkeria mota guztiak desagerraraziz. Azken batean, giza eskubideak errespetatzea, demokrazia areagotzea, ETAk behin-betiko su etena aldarrikatzea eta euskal hiritarron hitza aitortzea dira gatazka gainditzeko giltzarriak.
Bide honi ekiteko konpromisoan oinarriturik, euskal gizarteak irmo eta era bateratuan erantzuteko beharra ikusten dugu, EAE-ANV eta EHAK legez kanpo uzteko epaiketa politikoa salatzeko eta eskubide politikoak denontzat eskatzeko.